Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

matxinada

iz. Agintaritzaren aurkako herri nahasmendu edo jazarraldia.  v  Euskal Herriko matxinada nagusiak. 1) Milioietako matxinada. 1601. urtean Filipe III.ak Bizkaira hedatu nahi izan zuen 1590ean sortu zen milioien zerga. Hura, ordea, Bizkaiko foruen kontrakoa zen, haien arabera bizkaitarrak ez baitzeuden behartuta zergak ordaintzera. Beraz, Bizkaiko Foru erakundeek zerga haren kontra jo zuten, eta Filipe III.aren asmoak ez zuten aurrera egin. 2) Gatzaren matxinada. 1631. urtean Espainiako erregeak Bizkaian gatza saltzeko monopolioa beretzat hartu nahi izan zuen, eta, aldi berean, % 44 garestitu zuen haren prezioa. Lege hura indarrean sartu zenean, hainbat matxinada sortu ziren 1631tik 1634a bitartean. 1634ko maiatzaren 24an matxinadako buru nagusiak atxilotu zituzten, eta epaitu ondoren hil egin zituzten. Urte hartan bertan Espainiako erregeak barkamena eman zien gainerako matxinatuei eta gatzaren monopolioa eskuratzeari uko egin zion. 3) 1718ko matxinada. 1718ko abuztuaren 31n aduanak barrualdetik kostara ekarri zituzten errege dekretuz, eta horrek matxinada eragin zuen, lege horrek merkataritzako askatasuna mugatzen baitzuen eta foruen kontrakoa baitzen. Bizkaia eta Gipuzkoa biak izan ziren kaltetuak, baina matxinadak Bizkaian izan zuen batez ere indarra. Matxinada piztu zuen egiazko arrazoia urte hartako krisialdia izan zen, jendea goseak eta haserre baitzegoen. Bestetik, jauntxoen eta burgesen artean gatazka zegoen, Bizkaiko ahalmen ekonomikoaren eta politikoaren jabe egiteko. Azaroaren 11n erregearen gudarosteak Bizkaian sartu eta matxinada desegin zuten. 1723. urtean, ordea, aduanak barrualdera itzuli ziren atzera. 4) 1766. urteko matxinada. Gipuzkoan eta Bizkaiko ekialdeko eskualde batzuetan gertatu zen. 1766. urtean Esquilacheren matxinada izan zen Madrilen eta haren atzetik Espainiako koroaren lurralde guztietan izan ziren gatazkak. Gipuzkoako matxinadak, hala ere, ezaugarri bereziak izan zituen: garia garestitu zenean sortu zen matxinada, haren prezio igoeraren kontra, eta nekazariak ziren matxinatu guztiak. Gipuzkoako bertako jauntxoek eta burgesek menderatu zuten matxinada. 5)Zamakolada. 1804. urtean, Simon Bernardo Zamakolako jauntxoak, Bizkaiko aitonen semeen buru eta Madrilgo Biltzar Nagusietako ordezkari zenak, Bizkaiko juntetxean aurkeztu zituen proiektuen kontra sortu zen matxinada. (ik. Zamakola, Zamakolada).