Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

masoneria

iz. Heg. Isilpeko elkartea, kideen arteko elkartasuna helburutzat duena.  v  Erdi Aroan Ingalaterran eta Eskozian sortu eta mundu osora zabaldu zen talde sekretu batean du jatorria. Eskulangileen anaidiek, igeltseroen eta katedral eraikitzaileen anaidiek bereziki, sortu zuten. Katedralen eraikuntza lanak urritu zirenean langileen logietan (lantegietan) ohorezko kideak onartzearen alde azaldu ziren langileak, beren lanbideen gainbehera geldiarazteko asmoz. Logietan sortu zen masoneria. Masoneriako kide izateko Jainkoaren sinesmena izan behar zen, moraltasuna zorrotz gorde, eskuzabala izan, lagun hurkoari laguntza eskaini eta legeak errespetatu behar ziren; hori frogatzeko sarrera erritu bat egiten zen kide berriekin. Masoneriako kideen artean hainbat maila bereizten ziren; ezagunenak irakasle, ikasle eta kide mailak dira, baina zenbait logiatan askoz maila gehiago izan ziren. Masoneriak Londresko Logia Handiaren garaian izan zuen indar gehiena (1717. urte inguruan). Antzinako erlijio ordenen elementu eta erritu asko beretu zituen masoneriak eta eliza katolikoak debekatu egin zuen. Gaur egun debekatua dago herri batzuetan.