maser
iz. Fis. Mikrouhinen anplifikatzailea eta oszilatzailea. Laserraren antzeko ezaugarriak eta oinarrizko hatsapenak ditu. Izena Microwave Amplification by Stimulated Emission of Radiation (irraden igorpen estimulatuaren bitarteko mikrouhinen anplifikazioa) ingeles akronimotik eratorria da. Lehen maserra Charles Hard Townes Estatu Batuetako fisikariak egin zuen 1954. urtean, lehen laserra baino sei urte lehenago. Maser motako anplifikatzaileek beste anplifikatzaile batzuek baino hots gutxiago egiten dute eta sortzen duten irrada monokromatikoa oso koherentea eta energia handikoa da. Maserra maiztasun egonkorra duten oszilatzaile elektroniko gisa erabili ohi da, adibidez, erloju atomikoetan erreferentzia izateko. Hutsegiteak oso txikiak izaten dira, 10-12 (10-3 segundo 30 urtean) baino txikiagokoak. Bestalde, maserra helio isurkariaren tenperatura bera erabiltzen duten soinu moteleko anplifikatzaileak egiteko erabili ohi da.