Maria Ia Tudor
Ingalaterrako eta Irlandako erregina (Greenwich, 1516 - Londres, 1558). Henrike VIII.aren eta Katalina Aragoikoaren alaba. Bere anaia Eduardo VI.a hil zenean (1553) izan zen Ingalaterrako eta Irlandako erregina. Anaiak jarritako legeak baliorik gabe utzi, katolizismoa ezarri eta apezpiku protestanteak preso hartu zituen. Neurri horien kontra altxa zen mugimendua zapaldu eta 300 pertsona urkarazi zituen (1554). Bloody Mary, «Maria odolzalea» ezizena jarri zioten horren ondorioz. Urte horretan bertan Juana Grey eta haren senarra hilarazi zituen eta Espainiako errege izango zen Filipe II.arekin ezkondu zen eta Espainiara etorri zen bizitzera. Paulo IV.a Aita Santua aliatutzat harturik Frantziaren kontrako gerran aritu zen (1557-1558), eta ondorioz Calais galdu zuen.