Man uhartea
Irlandako itsasoko uhartea. Britainia Handiaren mende dagoen arren lurralde autonomoa da eta ez dago Erresuma Batuaren barruan. 588 km2 eta 70.000 biztanle ditu. Douglas du herri nagusia. Uhartearen erdialdea eta hegoaldea menditsuak dira. Ingelesa eta manx hizkuntza erabiltzen ziren, baina manx hizkuntza desagertu da dagoeneko. 1901ean 4.657 lagunek hitz egiten zuen eta 1951n 355 lagunek. Zeltek konkistatu zuten VII. mendean. Hurrengo bi mendeetan vikingoen eta daniarren erasoak izan zituen. Ondoren Norvegiaren eta Eskoziaren mende egon zen berriro. Eduardo III.a errege zela bereganatu zuen Ingalaterrak. 1765ean Britainia Handiaren mende geratu zen. Gaur oraindik Ingalaterrako koroak izendatzen du hango administratzailea, agintari nagusi dena; hala ere Man uharteak badu bere parlamentu autonomoa. Nekazaritzak, abeltzaintzak eta arrantzak garrantzi handia dute Man-eko ekonomian; ekonomiaren oinarririk sendoena, hala ere, turismoa da. Zerga sistema berezia du, eta horrek kapital asko erakartzen du.