Mamoulian, Rouben
Estatu Batuetako zinema zuzendaria (Tiflis, 1897 - Los Angeles, 1987). Jatorriz armeniarra zen; Paris, Mosku eta Londresen hazi zen; antzerkirako zaletasuna zuen gaztetatik. Opera zuzendari izateko joan zen Estatu Batuetara, eta berak eginiko Gershwin musikari ospetsuaren Porgy and Bess operaren arrakastak Hollywood-eko ateak zabaldu zizkion. Antzerkia utzi gabe, zinema saioak egin zituen, eta hainbat berrikuntza ekarri: kamera mugikorra erabili zuen lehen aldiz Applause (1929,Txaloak ) lanean, barne-bakarrizketaz baliatu zen Dashiell Hammett-en City Streets (1931, Hiriko karrikak) egiteko, eta bere Becky Sharp (1935) filmean hiru koloretako teknikolorea erabili zen lehen aldiz. Antzerkian lortu zuenaren antzera, maisulanak egin zituen obra musikatuekin, eta Greta Garbo, Marlene Dietrich, Maurice Chevalier eta beste antzezle ospetsuen zuzendari izan zen.