mameluko
(Arab. mamluk, “esklabo”). iz. Hist. Egiptoko ayyubiar sultanek eraturiko gudari talde berezi bateko kidea. || Ayyubiar sultanek eraturiko gudari taldetik sorturiko Egiptoko dinastia. || Napoleonen armadako gudari taldea, gehienbat Egiptoko mamelukoez osatua. v Malik al-Salih sultanak (1240-1249) esklabo zuriak (eslaviarrak, grekoak, zirkasiarrak eta batez ere turkiarrak) ekarrarazi zituen bere guardia osatzeko. Ardura eta diziplina handiz hezirik, laster gudari talde ahaltsua osatu zuten. 1250ean Egiptoko herrialdeaz jabetu ziren eta 1517 arte aginpidea beren esku eduki zuten. Bi talde bereizten ziren: bahri-ak (turkiarrak), 1382 arte nagusi izan zirenak, eta bury-ak (zirkasiarrak), 1517 arteko sultanak eman zituen taldekoak. Beren buruzagiek aginpidea lortzearren konspirazio eta hilketa ugari egin bazuten ere, mamelukoen diziplina ez zen galdu; modu horretara, mongoliarren inbasioa gerarazi zuten, frankoak Siriatik bota zituzten eta, beraiek gidaturik, Egipto Mediterraneoko herrialderik indartsuena izan zen (XIV-XIV. mendeetan). Arteak eta zientziek loraldi bikaina izan zuten mamelukoen agintepean eta Egiptoko mezkita ederrenak –Kairokoak bereziki– garai haietan eraikiak izan ziren. 1517an Selim I.a sultan turkiarra nagusitu zitzaien; mamelukoen buruzagiek, alabaina, lurralde hartako gobernariak izaten jarraitu zuten bey tituluarekin. Arian arian Istanbuletik bidalitako paxaren aginpidea murriztuz joan zen eta XVIII. mendearen amaierako mamelukoak Egiptoko benetako nagusiak izan ziren berriro. 1798an Napoleoni aurre egin zioten eta hark menderatu zituelarik haietako batzuek Napoleonen guardia konpainia bat osatu zuten; Europara iraganik, Austerlitzeko guduan nabarmendu ziren. Egipton, mamelukoen aginpidea Mehmet Ali Istanbuleko erregeordeak deuseztatu zuen betiko, haietariko 300 hilaraziz (1811).