Malkovich, John
Estatubatuar antzezlea (Illinois, 1953). Oso paper desberdinak egiteko gaitasuna du. Eastern-eko Unibertsitatean ikasten ari zen bitartean, Steppenwolf Theatre Company antzerki taldea sortu zuen. Ondoren Chicagora joan zen, eta han era guztietako lanak egin behar izan zituen bizibidea ateratzeko, etxeak pintatu, autobus bat gidatu, baina antzerkia utzi gabe betiere. Sei urtean berrogeita hamar lan baino gehiago antzeztu zituen. 1970eko hamarraldian New Yorkera joan zen, eta han antzerkian jarraitu zuen, eta aldi berean zinemako zenbait pertsonaia egin zuen. Ospea 1982. urtean etorri zitzaion, True West lanarekin. Hainbat sari jaso zituen lan hari esker. Urtebete lehenago Balm in Gilead lanagatik Joseph Jefferson saria jaso zuen. Hala ere, Malcovich zinema lanengatik egin zen ospetsu. Zineman egin zituen lehenengo lanetako bat Killing Fields (1984, Isiltasunaren garraisiak) lana izan zen. 1988an Stephen Frearsek zuzendu zuen Dangerous liaisons (Harreman arriskutsuak) laneko Valmot bizkonde gaizto dotorearen papera egin zuen. Film horren ondoren Zeru babeslea (1990, Bernardo Bertolucci) eta Lilura gaia (1991, Michael Linsy-Hogg) egin zituen. Woody Allenen Itzalak eta lainoa (1991) filmean lan txiki bat egin ondoren Arratoiei eta gizakiei buruz (1992, Gary Sinise) lanean parte hartu zuen. Malcovichen beste lan aipagarri batzuk hauek dira: Hodeietatik haratago (1995, Michelangelo Antonioni), Dama baten erretratua (1996, Jane Champion), Kondenatuak airean (1997, Simon West), Rounders (1998, John Dahl), Burdinezko mozorroa zuen gizona (1998, Randall Wallace).