Malet, Léo
Frantses idazlea (Montpellier, 1909 - Paris, 1996). 1925ean Parisen hartu zuen bizilekua eta han talde anarkistetan sartu zen. Besteren kontura bizi zen eta umoregile gisa lan egiten saiatu zen. Baina 1931n André Breton ezagutu zuenean, idazten hastea erabaki zuen. Surrealisten taldean sartu zen eta hainbat agerraldi artistiko, politiko eta literariotan parte hartu zuen. 1936an argitaratu zuen lehenengo poema bilduma: Ne pas voir plus loin que le bout de son sexe (Ez ikusi bere sexuaren muturretik urrunago). Ondoren 1937an J'arbre comme cadavre argitaratu zuen, eta 1940an Hurle à la vie (Bizitzari oihu egin). 1940an preso hartu zuten ezkerralde bakezalearekin lotura zuelako, eta Alemaniara eraman zuten. 1941ean Parisa itzuli zenean polizia eleberriak idazten hasi zen, ezizenak erabiliz (Frank Hardin, Leo Latimer). 1943an 120, rue de la Gare lanean Nestor Burma detektibe pribatua sortu zuen, gizakiaren pesimismoaren agergarria. Nestor Burma hogeita hamarren bat eleberritako heroia izan zen, Nouveaux Mystères de Paris sailekoa bereziki. Sail horretako istorioak auzoetan kokatzen dira: Fièvre au Marais, 1955; Brouillard au pont de Tolbiac, 1956; Les Eaux troubles de Javel, 1957; Du rébecca rue des Rosiers, 1958. Ilusio iraultzaileetara itzulirik, bere bilakaeraren giltzarria trilogia baten bidez erakutsi zuen: La vie est dégueulasse (1948, Bizitza nazkagarria da); Le soleil n'est pas pour nous (1949, Eguzkia ez da guretzat); Sueur aux tripes (1969, Izerdia hesteetan). Omer Refreger eta Jean de Selneuves ezizenekin abenturazko eleberriak argitaratu zituen.