makina 1
iz. Energia eraldatzen duen edo eraldatze horretaz baliatzen den tresna multzo egituratua. ik. mekanika. Makina baten indarra, ahalmena. Makinari eragin. Trenaren makina. Arropa garbitzeko makina. || Zenbait tresna ez bakuni ematen zaion izena. Idazteko makina. v Teknol. Lan edo ondorio jakin bat lortzeko energia eraldatzen duen tresna edo mekanismo multzoa. Oinarrizko sailkapen baten arabera, makinak izan daitezke bakunak (atal finko batzuei lotutako gorputz trinko bakarrekoak: palanka, tornua, etab.) eta konposatuak (makina bakunez osatuak: transfer makinak, etab.). v Makina hidraulikoak. Uraren energia zinetikoa energia mekaniko bihurtzen dutenak. Hiru motatakoak dira makina hidraulikoak: higiarazleak (ur-jauzi baten energiaz baliatuz, lan mekanikoa lortzen dutenak: turbinak); bonba hidraulikoak (ik. bonba); eta eraldatzaileak (uraren energiaz baliatuz, energia potentziala, presiozkoa edo zinetikoa lortzen dutenak: injektore hidraulikoak; zanpagailu hidraulikoak; transmisore hidraulikoak, etab.). v Makina elektrikoak. Zeinahi energia mota energia elektriko bihurtzen dutenak, edo energia elektriko mota batetik abiatuz, beste energia elektriko mota bat lortzen dutenak. Makina elektrikoak, oinarrizko sailkapen batean, hiru multzo nagusitan banatzen dira: energia elektrikoa sortzen dutenak, energia elektrikoa erabiltzen dutenak eta energia elektrikoa eraldatzen dutenak. Makina mota horietako gehienek betetzen dute elektromagnetismoaren oinarrizko legea, indukzioaren legea, alegia (ik. indukzio): zirkuitu itxi baten jario magnetikoa aldatzean, indar elektrohigiarazle induzitu bat sortzen da (Lenz–en legea). v Makina lanabesak. Gai batzuk (metalak, zura, larrua, etab.) lantzeko indar mekanikoaz baliatzen direnak. v Lurrun makinak. Gai bat errez indar higiarazlea lortzen dutenak. Garai batean oso erabiliak izan ziren, batez ere lokomotibetan. Industrian, gaur egun, oso sistema txikietan baizik ez dira erabiltzen, lan etekin urrikoak direlako. v Makina azeleratzaileak. Energia handiko partikula kargadunei lastertasun handia emateko erabiltzen direnak.