Losada, Diego de
Espainiar konkistatzailea (Rio Negro del Puente, Zamora, 1511 - El Tocuyo, Venezuela, 1569). 1533an Puerto Ricon zen eta ondoren Venezuela konkistatzera abiatu zen. 1552an Nueva Segovia (egungo Barquisimeto) eta Nuestra Señora de Caraballedako hiriak sortu zituen Venezuelako itsasertzean eta, Venezuelako gobernariak aginduta, Venezuelako hiriburua sortu beharreko lurraldea konkistatzera abiatu zen. 1567rako bere mende zituen bertako biztanleak (arawak-ak, teke-ak). Hurrengo urtean Santiago de Leon de Caracas hiria sortu zuen eta ondoren Venezuela gobernatu nahi izan zuen baina ez zuen bete bere asmoa.