Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Loramendi

(Juan Arana Ezpeleta, jaiotza izenez; Fr. Joakin Bedoña erlijio izenez). Gipuzkoako olerkaria (Bedoña, Arrasate, 1907 - Donostia, 1933). Hamahiru urte zituela Altsasuko kaputxinoetan sartu zen. Teologia ikasten ari zela, gaixotu, eta 26 urte ozta-ozta beterik zituela hil zen. Zeruko Argia, eta Yakintza aldizkarietan argitaratu zituen bere idatziak. Gerra aurreko Olerkarien belaunaldikoa izan zen, Lizardirekin, Lauaxetarekin eta Orixerekin batera. Loramendiren olerkigintza lirikoa da, eta, sarri, Jainkoa du kantagai. Tolosan (1931) eta Hernanin (1932) Euskaltzaleak erakundeak, Aitzolen agindura, eratutako Olerki Jaietan bi sari jaso zituen Arrantzalien arrats-otoitza eta Barruntza leyotik izeneko olerkiekin. Julen Yurrek, 1960an, Aranaren idazlan guztiak bildu eta argitaratu zituen Loramendi. Olerki ta idatzi guziak izenburupean.