Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

literatura

iz. Hitzaren bidezko adierazpenaren antzea; idazlanak, bereziki estetika arduraren ezaugarria duten aldetik; idazlearen lana edo antzea.  v  Literatura hitza latineko littera (“letra”) hitzetik sortua da. Hitzaren edukiak historian zehar aldaketa handiak izan ditu, eta XVIII. mendearen ia bukaeraraino “idazteko eta irakurtzeko antzea” esan nahi zuen; handik aurrera, “idazlearen jarduna eta emaitza edo idazlana” Europako herri gehienetan. Erdi Aroan literatura erlijioarekin lotua zegoen eta ia idazten zen guztia latinez idazten zen. Berpizkunde garaian, berriz, idazle klasikoak hartu ziren eredutzat eta lekuan lekuko hizkuntzak erabiltzen hasi ziren. Klasizismo berriaren garaian saiakera eta kritika landu ziren, batez ere. Erromantizismoak (XIX. mendearen lehenengo erdialdean) ordu arte multzo berekoak izan ziren testu idatziak bereizi zituen: alde batetik filosofia, historia, ikerketa…, eta bestetik, alegiazko generoak eta literatura arte gisa. Geroztik Europako ia herrialde guztietan bigarren multzoko idazlanak izan dira literaturaren alorrekoak, eta ez lehenengokoak.  v  Hizkuntza arruntean bezala, literaturan ere bi mota bereizten dira: ahozko literatura (erromantzeak, esaera zaharrak… poesian, ipuin eta herri kontakizunak prosan) eta idatzizko literatura (poesia eta prosa). Bietan funtsezkoa da balio estetikoa. Ahozkoa da antzinakoena, eta ahozkoaren baitan poesia. Literatura idatzia geroago sortu zen herri guztietan eta dantzarekin, musikarekin eta antzerkiarekin lotua egon zen hasieran. Inprimeria asmatu zenean literatura idatzia hedatu zen; aldi berean ahozko literatura biltzen eta argitaratzen hasi zen.  v  Literaturaren helburu nagusia, beste antzeena bezala, estetikaren bidez atsegina lortzea da, eta horretarako erabiltzen duen gaia hizkuntza da. Literaturaren izaera azaltzeko teoria asko egin dira historian zehar. Azken urteotan Roman Jakobson (1896-1982) hizkuntzalariarena hartu izan da bereziki aintzat: literatura komunikatzeko tresna denez gero, beste komunikazio guztietan bezala, igorlea (idazlea), hartzailea (irakurlea edo entzulea ahozkoa bada), kodea (hizkuntza) eta mezua (idazlana) hartu behar dira kontuan. Kodeari dagokionez, idazleak hizkuntzaren erabilera arrunta aldatzen du eta aldaketa horiek eragiten dituzte idazlearen estilo ezaugarriak. Bestalde, literatura lanetan ezin da “mezua” aldatu eta beti idazleak idatzitako modu berean eman behar da aditzera, literaturan edukia eta forma banaezinak baitira (literatura hizkuntzako zeinuak denotatu edo esanahi jakin bat adierazteaz gainera, literatura hizkuntzak konnotatu edo bigarren mailako esanahi berriak sorrarazten baititu). Literatura hizkuntzaren beste ezaugarria erabiltzen dituen erretorika baliabideak eta tropoak dira (aliterazioa, errima, errepikak, epitetoak; metafora, metonimia, hiperbatona…).  v  Literatura generoak. Hiru dira nagusiak: epika (epopeia, poema epikoa, gestako kantua, erromantzea; ipuina eta eleberria), lirika (oda, elegia, egloga, satira, epigrama, epitalamioa) eta dramatika (tragedia, komedia, drama, opera…). Hiru era horiez gain, didaktikako lanak (epistola, saioa…), historiakoak (biografiak, kronikak…) eta oratorioakoak (sermoiak, hitzaldiak) literatura generotzat hartu izan dira. Dena den, oso zaila da genero bakoitzaren alorra mugatzea, obra askotan, edo, gehienetan, hiru genero nagusien ezugarriak nahasten baitira.