Lisipo
(Gr. Lysippos). Greziar eskultorea (Sikion, K.a. 390 - K.a. 310). Argos eta Sikiongo eskoletako maisu nagusia izan zen Mazedoniako Filipo eta Alexandro Handiaren garaian eta K.a. IV. mendeko Greziako eskultore handienetakoa, Praxiteles eta Eskopasekin batean. Errealismoak kezkatu zuen bereziki; ordu arteko frontalismo hieratikotik urrundu zen eta mugimenduari berebiziko garrantzia eman zion. Antzinako kronikarien arabera, eskultura asko egin zuen (1.500etik gora batzuen esanetan), baina kopiak baizik ez dira geratu: Agias Farsalakoa, atleta garaile baten irudia; Apoxiomenos, bere kanona erakusten duen irudi-eredua; Eros arkuarekin, Eros Thespiakoa eta Hermes Azara, Alexandro Handiaren erretratua.