lingua franca
iz. Hizkuntza desberdina duten bi komunitate edo gehiagok elkar aditzeko erabiltzen duten mintzaira komuna. Ingelesa da egungo lingua franca nagusia mundu osoan, politika eta ekonomia harremanetan; frantsesa izan da oraintsu arte nagusi diplomazia hizkuntza gisa; swahili hizkuntza da Afrikako ekialde osoko herriek elkarren arteko harremanetarako duten hizkuntza, pidgin melanesiar hizkuntza Ozeano Bareko hegoaldeko uharteetan eta bazaar malaiera Malaysiako uharteetan. Gurutzaden garaian hasi zen Lingua franca («frankoen hizkuntza») izena erabiltzen, garai hartan Mediterraneoaren ekialdean nagusitu ziren frantsesek horrelako hizkuntza moldea ezarri zutelako (frantsesaren hizkuntza ahaidetzat hartzen zituzten lurralde haietan katalana eta italiera). Europarren kolonizazio garaian, bestalde, halako hizkuntza komunak sortu ziren munduko hainbat lurraldetan, kolonizatzaileen eta kolonizatuen hizkuntzen artean: indo-portuges (Zeilan, egungo Sri-Lanka), annam-frantses (Indotxina), papiamento (espainiera moldea, Curaçaon) eta pidgin-ingeles moldeak. Hasierako lingua franca komunitate bateko hizkuntza nagusi bihurtzen denean kreolera osatzen da (Antilla frantsesetan, esaterako). Brasilen lingua geral izena ematen zaio indiar herriekin eta indiar herrien arteko harremanetan erabiltzen den hizkuntzari (tupi-namba hizkuntzan oinarritua). v Lingua franca antzeko mintzaira moldeak sortu ziren XVI. mendean arrantzale euskaldunen eta Labradorreko herri indiarren artean, eta XVII. mendean arrantzale euskaldunen eta Ipar Europako arrantzaleen artean.