Lin, Maya
Estatubatuar eskultore eta arkitektoa (Ohio, 1959). Gurasoak txinatarrak ditu; 1949an utzi zuten Txina, eta Ohion jarri ziren bizitzen. Maya Linek Yale Unibertsitatean egin zituen arkitekturako ikasketak. Vietnamgo beteranoen oroimenez eskultura bat egiteko lehiaketa irabazi zuen unibertsitatean. Granito beltzezko horma bat egin zuen, gerran hildako milaka amerikarren izenez estalita, eta Washington D.C.n jarri zuten 1982an. Eskultura horrek zeresan ugari eman zuen, ez baitzen beteranoen gustukoa izan. Emakume honen beste lan batzuk dira: Hiritarren Eskubideen Oroigarria (Montgomery), Ipar Carolinako parke bat, Yaleko Unibertsitatean dagoen Hezkidetzaren oroigarria, etab.