likore
iz. Edari bizia, hainbat gai destilatuz, beratuz edo nahastuz lorturikoa eta alkohola, ura, gai aromatikoak eta azukrea osagai dituena. v Fruitu likoreetan, alkoholaren eta fruituaren egoskinaren ondoren azukrea eransten da. Landare likoreetan, hostoak, haziak edo sustraiak alkoholarekin beratu ondoren lorturiko gaia destilatu egiten da eta gero azukrea eta koloregaia eransten zaizkio; horrela egiten dira adibidez Curaçao, Benedictine, Chartreuse likoreak etab. Beste prozedura baten arabera, alkoholari landare esentziak eransten zaizkio; modu horretara pipermina, koñaka, etab. egiten dira. Likoreak, usain edo zapore txarrak ezabatzearren, zahartzen uzten dira; zahartze aldi honek sei hilabeteetatik (fruitu likoreak) urte batzuetara luza daiteke (marka ezagunetako koñaka edo Armagnac-ak).