Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Liguria

Italiako ipar-mendebaleko eskualdea, Genovako golkoaren ertzean, Frantziako mugaren eta Magrako estuarioaren artean. 5.416 km2 eta 1.867.383 biztanle. Hiriburua, Genova. Hiri nagusiak: Genova, Imperia, La Spezia, Rapallo, San Remo, Savona eta Veintimiglia. Lau lurralde ditu: Genova, Imperia, La Spezia eta Savona. Liguriako eskualdea oso menditsua da, eta itsasertzak malkortsuak. Genovako hiriaren mendebalean (Alpe mendiak, Saccarello mendia, 2.200 m) eta ekialdean (Liguriako Apeninoak, Magiorasca mendia, 1.803 m) daude gailur nagusiak. Italiako eskualderik aberatsenetakoa da. Itsasertzean loreak lantzen dira (Italiako arrosa eta krabelin gehienak bertan hazten dira) eta industriak garrantzi handia du, Genovan, La Spezian eta Savonan batez ere: altzairugintza eta metalurgia astuna (Cornegliano, Genova), petrolio findegiak (Savona, La Spezia) eta ontzigintza (Genova, La Spezia) dira industria jarduera nagusiak. Turismoak ere garrantzi handia du bai itsasertzean bai barnealdean. Itsas portuak (Genova, Savona eta La Spezia) ere jarduera handikoak dira.