liburutegi
iz. Liburuak, irakurriak izateko moduan, sailkaturik kokatzen diren eraikuntza edo gela. || Halako batasuna duen liburu bilduma. v Liburutegiak informazioaren bilgune dira, eta informazioaren euskarririk ohikoena liburuak badira ere, gaur egun, gero eta gehiago erabiltzen dira beste euskarri elektronikoak eta magnetikoak: CD-Rom, mikrofilmak… Estatu gehienek dituzte nazio liburutegiak, eta horien gestio eta sailkatze sistemak erreferentziatzat hartzen dituzte beste liburutegi publikoek. Liburutegiekin batera dokumentazioguneak sortu dira informazioa gestionatu eta banatzeko. ■ Inf. Informatika programetan, artxibo batean gordetako errutina multzoa. Liburutegi baten barruko agindu multzo bakoitzak bere izena du, eta bakoitzak lan desberdina egiten du, oso espezifikoa gehienetan. Aginduen multzo mota horiek lana errazten dute, eta lan espezifikoren bat egin behar den bakoitzean ez dago ahalegina bikoiztu beharrik. Programatzaile batek liburutegi bat identifika dezake programa baten aurrean, edo programaren barruan liburutegiak adierazi, eta programari eragiketa egokiak eginarazi, behar den bakoitzean agindu berberak idatzi edo berridatzi beharrik izan gabe. Liburutegiek programazio hizkuntza jakin baterako errutina estandarrak eduki ditzakete, edo baita programatzaileak idatzitako errutina pertsonalizatuak ere. Bestalde, edozein datu multzori ere liburutegi deitzen zaio, ohiko zentzuan; batzuetan software-a edo datuen fitxategiak izendatzeko erabiltzen da.