liberalismo
iz. Liberalen doktrina, ekonomia harremanen estatuari buruzko askatasunean eta kontzientzia askatasunean oinarritzen dena. v Pol. Gizabanakoaren borondate askea gizarte harremanen oinarritzat hartzen duen politika dotrina, Estatuaren aginpidea mugatu nahi duena (legegintza eta epai aginpidea gobernuaren mende egon gabe), politika eta kontzientzia askatasuna, eta Estatuaren eta Elizaren arteko bereizketa eskatzen duena. v Ekon. Ekonomiak berezko legeak dituela onartzen duen ekonomia dotrina. Liberalismoaren arabera, lan askatasuna, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua, konkurrentzia eta nazioen arteko truke askea denean, eta Estatuak ekonomiaren alorrean ekimen pribatuaren alde egiten duenean, ondasunen ekoizpenaren, banaketaren eta kontsumoaren arteko oreka berez sortzen da. Hain zuzen ere, XVIII. mendeko frantses fisiokraten esaerak,“laissez faire, laissez passer; le monde va de lui même” (“utzi egiten, utzi gauzak izaten; mundua berez aurrera doa eta”) garbi adierazten du liberalismoak ekonomian proposatzen zuena. Quesnay, Bastiat, Adam Smith, Malthus, Ricardo eta John Stuart Mill dira dotrina honetako ekonomialaririk ezagunenak. v Liberalismoaren sorrera. Etika eta politika dotrina gisa XIX. mendean sortu bazen ere, Ilustrazioaren garaiko arrazionalisten eta enpiristen teorietan eta industriaren hedatzean oinarri hartu zuen liberalismoak. Gizabanakoen askatasuna, giza eskubideak, hiritarrek legearen aurrean eskubide berberak izatea eta erregeen aginpidea mugatzeko Parlamentua sortzea proposatu zuen. XVIII. mendeaz geroztik liberalismoa burgesiaren ideologia izan zen, Estatuaren kontrola bereganatzeko borrokan ari baitzen. Aiton semeen eta Elizaren kontrako borrokan liberalek arrazoia eta izadiaren legeak proposatu zituzten ohiturei eta gizarte mailako lehentasunei aurre egiteko. Politikari dagokionez absolutismoaren kontrako kritikak egin zituzten liberalek. Frantzian, Montesquieu-k 1748an De l´esprit des lois (Legeen izpirituaz) liburuan hiru aginpideen (legegintzakoa, betearazlea eta epai aginpidea) banaketa proposatu zuen, eta geroago Jean-Jaques Rousseauk herriaren nagusitasuna azpimarratu zuen.