Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lekeitio

Bizkaiko udalerria (Lea-Artibai eskualdea). 1997ko datuen arabera, 7.483 biztanle (lekeitiarrak), aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago. Hizkuntza banaketa 1996an: 6.374 euskaldun, 668 ia euskaldun eta 272 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak arrantza (langileen % 28), haren inguruan sorturiko industria (janari industria, kontserbategiak, ontziolak) eta zerbitzuak (turismorako azpiegiturak; langileen % 42) dira. Itsasontzidiak kostaldeko arrantzan (antxoa) dihardu batez ere. Aipagarri dira XIII-XV. mendeetako Andra Mariaren Jasokunde eliza gotikoa (monumentu nazionala), Antsorizeko Santa Katalina ermita, San Joan Bataiatzailearen ermita, Mesedetakoen kapera, XVI. mendeko Domingotarren komentua, Upa-Etxia dorrea, Ezpeleta kaleko dorrea, Likonako dorrea, Monterron izenaz ere ezagutzen den Uriartetarren jauregia eta Turpin dorrea.  v  Historia. Aspaldidanik bizi da jendea Lekeitioko eremuan, Lumetxako leizeko historiaurreko aztarnategiek eta aztarna erromatarrek frogatzen dutenez. 1325. urtean Logroñoko foruak jaso zituen Bizkaiko Andrea zen Maria Diaz I.a Harokoaren eskutik. 1344. urtean harresiz inguratu zen Lekeitio. XV. mendean 20 lagunek osaturiko 60 arrantzontzi baziren Lekeition eta jatorrizko portua Lea ibaiaren bokalean zegoen. Bermeorekin batera Bizkaiko Jaurerriko herririk garrantzitsuenetakoa zen baina 1442ko suteak ia erabat suntsitu zuen herria eta 1490ean hiri barneko harresia eraikitzen hasi ziren, beste suteren bat gertatuz gero heda ez zedin. 1589an izurrite gaitza jasan zuen Lekeitioko herriak eta harrezkero gainbehera etorri zen bertako ekonomia. XVIII. menderako arrantzontzi gutxi batzuk besterik ez zeuden Lekeitioko portuan. Egun badira 50 ontzi inguru, Bizkaiko ontzidiaren % 13.