Leizarraga, Joannes
Lapurdiko idazlea (Beskoitze, 1506 inguruan - Bastida, 1601). Leizarragaren bizitzari buruz gauza gutxi heldu da gaur egunera. Dirudienez, apaiz katolikoa izan zen harik eta protestante egin zen arte. Ministro kalbinista zela, Bastidako parrokian jardun zuen 1567tik hil arteko guztian. 1559an, Bazkoan, Joana Albret Nafarroako Erreginak uko egin zion, erlijio katolikoari, eta Calvinoren fedea hartu zuen. Hortaz, hainbat ekintza bultzatu zituen bere erresuman fede berria heda zedin. Xede horrekin, 1564an, sinodo kalbinista egin zen Pauen, eta orduan Itun Berriaren euskararako itzulpena agindu zitzaion Leizarragari. Hala ere, lana egoki egin zedin bederatzi ministroren batzar bat eratu zen sinodo hartan bertan, Leizarragaren itzulpena arretaz begiratzeko. Bere itzulpenaren hitzaurrean esaten duenez, kartzelan egon bide zen, baina arrazoirik ez du agertzen. Badirudi, bestalde, «L’Antique» (Zaharra) ezizenez ezaguna ere izan zela. v Idazlanak. Hiru itzulpen liburu eman zituen argitara Leizarragak, hirurak 1571. urtean: Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (Biblia kalbinistaren liburuaren itzulpena), Kalendrera (Bazkoa eta ilberriak noiz diren jakiteko egutegia) eta Abc edo Christinoen instructionea. Bigarren argitalpena 1900ean egin zuten, Estrasburgon, Linschmann-ek eta Schuchardt-ek (I. Leiçarragas Baskische Bücher von 1571), hitzaurre luze jakingarri batekin. 1970ean G. Arestik Itun Berriaz gainerako guztiaren argitaraldi berria egin zuen Euskal protestantismoa zer den izenburupean. 1979an Hordago argitaletxeak berriro argitaratu zituen J. Leizarragaren obra guztiak Linschmann eta Schuchardt-en argitaraldian oinarri hartuta eta Euskaltzaindiak beste argitalpen bat atera zuen 1990ean. v Hizkuntza. Leizarragak, bere erara, euskara batu bat sortu zuen. Horretarako lapurtera hartu zuen oinarri, eta zubererarekin eta behe-nafarrerarekin osatu zuen. Leizarragaren hizkuntza jantzia eta zahar itxurakoa da; jantzia, latinetiko eta grezieratiko mailegu asko hartzen dituelako, baita euskarazko ordaina ezaguna denean ere, itzulpenari estu lotzearren; eta zahar itxurakoa, garai hartan erabiltzen ez zen hizkuntza formak erabiltzen zituelako. Gerora, Leizarragaren joerak ez zuen jarraitzailerik izan. Geroko idazleak herriarengandik hurbilago ibili ziren hizkuntzari dagokionez. v Linschmann, Schuchardt, Lafon, Jaurgain, Lacombe, Aresti, Altuna, Goenaga, besteak beste, arduratu izan dira Leizarragaz eta haren obraz: Flexiones verbales empleadas por Leizarraga de Briscous en sus traduciones vascas de 1571 (Aresti), Léxico empleado Leizarraga de Briscous (Aresti), Gogo en Leizarraga (Goenaga) eta Leizarragaren zenbait izen sintagma (Altuna).