Lazkano, Ramon
Gipuzkoar musikagilea (Donostia, 1968). Donostiako Kontserbatorioan egin zituen piano eta konposizio ikasketak; gero Parisen jarraitu zuen ikasten (elektroakustika, analisia, idazketa, konposizioa…, A. Bancquart eta G. Grisetekin) eta Montréalen (analisia eta konposizioa G. Tremblayrekin). Oso gaztetandik, sari eta enkarguzko lan ugari jaso ditu. Lazkanoren obren artean aipa daitezke: Leherketa bateko hotsak (1988); Oskorriz (1990), Eskaintza (1992), Hari laukotea (1993). Québec-etik itzultzean, orkestra zuzendaritzari ekin zion Jean-Sébastien Béreau eta Arturo Tamayorekin; ondoren XX. Mendeko Musika eta Musikologiaren DEA (Doktoretza Ikasketen Agiria) jaso zuen Pariseko École des Hautes Études en Sciences Sociales-en. Stanford Unibertsitateko musikagile gonbidatua izan zen 2000. urtean, Estrasburgoko CNRko musikagilea Luis de Pabloren alboan (1999) eta Espainiako Orkestra Nazional Gaztearena (1998). 1995-1998 bitartean OSTOTS musika taldearen zuzendari izan zen, helburutzat euskal musika garaikidearen zabalkuntza zuena. Lehiaketan askotan saritu dute (Leonard Bernstein-Jerusalem Nazioarteko Konposaketa Lehiaketa, Prince Pierre de Monaco Fundazioa, INAEM eta Espainiako Colegioko saria, Gaudeamus lehiaketaren Aipamen Berezia, Espainiako Orkestra Nazional Gaztearen lehiaketaren Aipamen Berezia), eta bere lanak jaialdi ospetsuetan aurkeztu dira (Estrasburgoko Musica, Radio-Franceko Présences 92, Amsterdameko Gaudeamus Muziekweek, Bruselako Ars Musica, Los Angelesko Philharmonic Green Umbrella New Music series, Kopenhageko Musika Garaikidearen Nazioarteko Elkartea, Errenteriako Musikaste, Alacanteko Musika Garaikidearen Jaialdia…), eta orkestra askoren errepertorioan sartu dira (Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Jerusalemgo Orkestra Sinfonikoa, Radio Franceko Orkestra Filarmonikoa, RTVEko Orkestra Sinfonikoa, Bartzelonako Teatre Lliureko Orkestra, Espainiako Orkestra Nazional Gaztea, etab.). Orkestrarako obrak (besteak beste, Eriden, 1997-98; Ilgora, 1998; Zur-Haitz, 1999), ganbera musika (azkenak, Aurresku, 2000; Hizkirimiri, 1999), tresna bakarrerako musika (azkenak, Bakarrizketa, 2000; Suziri, 1999), eta ahotserako musika ondu ditu, baita beste batzuen lanak orkrestratu eta moldatu ere. Guztira, 40 lan inguru konposatu ditu, eta disko hauek kaleratu ditu: Su-Itzalak (1997), Sorginkeriak, Eskaintza, Izotz, Bihurketak, Hizpide, Ilargi Uneak (1998), Bakarrizketa (1998) eta Suziri (Luis de Pabloren omenez, 2000).