Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lausana

(Fr. Lausanne.). Suitzako mendebaleko hiria eta Vaud kantonamenduko hiriburua, Leman aintziraren iparraldeko ertzean. 127.057 biztanle (hirialdeak 255.000 biztanle ditu). Unibertsitatea. Leman aintzirak eta 700-800 metroko mendiek inguratzen dute. Auzo nagusiak: Saint François, Palud, Cité, Gare et Ouchy eta Port. Aipagarri dira XII. mendeko katedral gotikoa, XIII. mendeko Saint-François eliza, XIV. mendeko Saint-Maire gaztelua, Arte Ederretako museoa eta hiriko berdegune eta lorategi ikusgarriak. Industriagune (doitasun, kimika eta janari industria, plastikoak) eta administraziogune (banketxeak, aseguru-etxeak, etabar) garrantzitsua.  v  Historia. Erromatarrek hiri bat antolatu zuten Lausanium edo Lausona gune zeltan, Leman aintziraren ertzean. Alemaniarren inbasioaren garaian (K.o. 379), bertara jo zuten inguruko lurraldeetako biztanle guztiek eta 590. urtean Mario Aventicokoak apezpikutegi bat antolatu zuen. Apezpikuek agindu zuten hirian 1536 arte, urte hartan hartu baitzuten bernatarrek Vaud-eko kantonamendu osoa. 1798an Vaud-eko kantonamendua Bernakotik bereizi eta 1803an bertako hiriburu bihurtu zen Lausanako hiria. Bi hitzarmen garrantzitsu izenpetu dira Lausanan XX. mendean, 1923an eta 1932an.  v  Lausanako Lehen Hitzarmena (1923ko uztailaren 24an). Lehen Mundu Gerran parte hartu zuten estatu aliatuen eta Turkiako errepublikaren artean, Sèvresko ituna berrituz, sinatu zen hitzarmena. Turkiak bere egin zituen Greziaren aurkako gerran lorturiko lurraldeak eta, britainiarrak Zipren eta italiarrak Dodekaneson egotearen truke, Kurdistan eta Armenia bere hartan uztea lortu zuen. Honez gainera, Turkiako itsasarteak militarren kontrolpetik kanpo geratu ziren, gerra garaian izan ezik. Dokumentu berezi batean zehaztu zen Greziak eta Turkiak Asia Txikian zituzten lurraldeen banaketa.  v  Lausanako Bigarren Hitzarmena (1932ko uztailaren 9an). Lehen Mundu Gerran parte hartu zuten estatu aliatuen eta Alemaniako errepublikaren artean, Lehen Mundu Gerraren ondoko ordainketa neurriei amaiera emateko izenpetu zen hitzarmena.