Lauria, Roger de
(Katalanez, Roger de Lluria). Aragoi eta Siziliako erreinuen zerbitzuan lan egin zuen kataluniar militarra, jatorriz italiarra (Lauria, Sizilia, 1250 - Valentzia, 1304 edo 1305). Itsas gudu garrantzitsuak irabazi zituen frantsesen aurka, Siziliako Bezperen ondoren, 1282). Roger de Lauria Kataluniako gortean hezi zuten 1262tik aurrera eta 1283an izendatu zuen Petri III.ak Aragoiko itsas armadako buru, aragoitarrak Siziliaz jabetu ondoren. Frantsesak garaitu zituen Maltan (1283) eta Napoliko badian (1284) eta Katalunian sartu zen Filipe III.aren frantses gudarostea handik itzularazi zuen 1285ean. 1287an Siziliara jo zuen Jaime bertako erregearen alde eta Napoliko erregea menderatu zuen urte hartan. 1291n Jaime II.a Aragoiko errege izendatu zuten eta Roger de Lauria Frederiko anaiarekin geratu zen Sizilian, Jaime II.arengandik urrun. 1298an, berriro adiskidatu zen Jaime erregearekin eta Frederiko Siziliako erregearen gudarostea menderatu zuen Orlando eta Ponsako guduetan. 1302an, Caltabellotako bakeak eman zion amaiera bi errege horien arteko gerrari eta Valentziako lurretara erretiratu zen Roger de Lauria.