Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Latimer, Hugh

Ingalaterrako teologoa eta prelatua (Thurcaston, Leicestershire, 1490 - Oxford, 1555). Ingalaterrako erreformazale handienetakoa izan zen eta eragin sakonagoa izan zuen Ingalaterrako gizarte maila guztietan, haren predikuei esker, erlijio erreformak. Cambridgeko unibertsitatean ikasi zuen eta 1510ean apaiz egin zen. Eliza katolikoaren alde egon zen hasieran, baina 1525etik aurrera protestantismoaren aldekoekin bat egin zuen. Henrike VIII.a erregearen babesa jaso zuen, haren alde agertu baitzen Katalina Aragoikoarekiko ezkontza hausteko auzian (1533) eta, Thomas Cronwell bikario nagusiaren arartekotzaren bitartez, Worcesterko apezpiku izendatu zuten. Gizarte mailako injustizia eta praktika katoliko batzuen aurka borrokatu zen suharki, baina ez zuen Sei Artikuluen akta anglikanoa izenpetu nahi izan eta 1539an apezpikutzatik kendu zuten. Heretiko zelako salaketapean, Londresko dorrean itxi zuten ondoko urteetan. Eduardo VI.a errege hautatu zutenean aske utzi zuten eta Ingalaterrako erreformako buruzagi nagusi izan zen. Maria Tudorren garaian berriro katolizismoa ezarri zelarik, preso hartu eta erreta hiltzera kondenatu zuten Nicholas Ridley-rekin batean. Oxforden erre zuten eta haren martiri ospea berehala zabaldu zen Ingalaterra osoan.