Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Larrabetzu

Bizkaiko erdialdeko udalerria (Txorierri). Mugak: iparraldean, Gamiz-Fika eta Morga; ekialdean, Zornotza; mendebalean, Lezama eta hegoaldean, Galdakao eta Zornotza. Garaiera, 100 m. 20,53 km2. 1997ko datuen arabera, 1.544 biztanle ditu (larrabetzuarrak). Hizkuntza banaketa 1996an: 1.194 euskaldun, 129 ia euskaldun eta 172 erdaldun.Auzo nagusiak: Gaztelu, Goikoleaga eta Larrabetzu (herriburua). Aretxabalagana erreka igarotzen da udalerritik ura Ibaizabal ibaian hustu aurretik. Euskara, bizkaiera; euskaldunak, % 85. Industrian (langileen % 49) eta nekazaritzan (barazkiak, bazkarako landareak, artoa, mahatsa, fruitu arbolak; langileen % 27) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia. Industrian diharduen langile askok bigarren lanbidea du nekazaritza. Aipagarri dira Salbatore ermita, Emeterio eta Zeledonio santuen ermita, Goikoleagako gurutze platereskoa (1574. urtean egina), XV. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde parrokia eliza (XVIII. mendean eraberritua), Sarrikoleako jauregia (hormetan freskoak ageri dituena) eta Anguleria jauregia.  v  Historia. Berresonaga zen Larrabetzuko herriaren antzinateko izena. Larrabetzuko hiribildua Juan Bizkaiko jaunak sortu zuen 1376. urtean.