Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kurdistango Langileen Alderdia

Kurduen erresistentzia organizazioa Turkian. Kurdistango Langileen Alderdia edo Partiya Karkeran Kurdistan (PKK) kurduen eskubideak babesteko sortu zen. 1984 eta 1997 bitartean 26.000 pertsona baino gehiago hil ziren Turkiako segurtasun indarren eta kurduen arteko borroketan. Borroka gehienak Turkiako hego-ekialdean gertatu ziren; hura izan da, Iran eta Irakeko zenbait eskualderekin batera, kurduen ohiko lurraldea. ■ 1920tik 1991ra Turkiak debekatu egin zituen kurduen organizazio, argitalpen eta eskolak, eta baita hizkuntza bera ere. Denbora horretan kurduek aldian behin matxinadak deituz aurre egin zioten asimilazioari. PKK alderdia 1974an sortu zen, Abdullah Ocalan ikaslearen ekimenez. Turkiar militarren kontrako lehen erasoak 1984an egin zituen. 1987an gobernuak larrialdi egoera deitu zuen hego-ekialdeko bederatzi probintziatan, eta susmagarri oro atxilo hartzeko agindu zien soldadu eta poliziei. ■ PKKk 10.000-15.000 inguru gerrillari zituen, eta beste 60.000-75.000 kide inguru zeuden hala behar zenean laguntzeko prest, nekazari inguruetako gazte pobreak gehienak. Gerrillaren jomuga nagusiak Turkiako segurtasun indarrak eta gobernuari laguntzen zioten herritarrak ziren. Gobernuaren zapalkuntza areagotu ahala PKKk gero eta kurdu gehiagoren babesa jaso zuen, ehunka mila izateraino, Turkian eta Mendebaldeko Europan zehar. ■ Bien bitartean, Irakeko kurduen kontrako erasoek, Israel eta Palestinaren arteko bake prozesuak eta Sobietar Batasun ohiko errepublika batzuen burujabetasunak kurduen abertzaletasuna sendotu zuten. 1991n, Golkoko gerrak areagotu egin zuen gatazka Turkiako hegoaldean. Gerrak kalte handia egin zion Turkia eta Iraken arteko muga inguruko ekonomiari, eta garaileek kurduei eskaini zieten "segurtasun eremua", Irakeko iparraldean, PPKren eta Turkiako armadaren borrokaleku bilakatu zen. Mendebaldeko indarrek Iraken mendeko kurduentzat autonomia eskatzen bazuten ere, babes eskasa eskaintzen zieten Turkiaren mendeko kurduei. Izan ere, Turkia aliatua baitute. ■ Tirabirak denboraldi labur batez baretu ziren Turkiako presidente Turgut Ozalek Ocalanekin hitz egiteko baimena eman zuenean eta bertan behera utzi zuenean kurduen hizkuntza erabiltzeko debekua. Aurrerantzean, PKKk, burujabetasun osoaren aldarrikapena bertan batera utzita, autonomia eskatu zuen, Turkiako estatu federal baten barruan, eta alde bateko su-etena deklaratu zuen 1993ko martxoan. Handik egun gutxira, baina, apirilean, Ozal hil zelarik, bake hitzarmen baterako esperantzak desagertu egin ziren. Maiatzean hasi ziren berriro borrokan. Udan PKKko kideek turismoguneen eta hotelen kontra jo zuten eta mendebaldeko 19 turista bahitu zituzten; aske utzi zituzten gero. ■ Gobernuak PKKko ustezko kideen kontra hartutako neurriak indartu egiten zuten kurduen atxikimendua PKKrekin, eta protesta handiak egin ziren Turkiak giza eskubideak zapaltzen zituelako. Turkiako gudarosteek Kurdistango ehunka herri hustu eta erraustu zituzten, herri horietako nekazari xumeak hirira, lanik gabe, joatera behartuz. Gobernuak Kurdistango 70.000 herritar armatu zituen haien herriak PKKren erasoetatik "babesteko" eta su ematen zieten "laguntzari" uko egiten zioten herriei. Gerrillaren eta herrietako guardien arteko erasoez gainera, droga trafikoarekin lotura izateko salaketa egiten hasi zitzaizkion elkarri. ■ Kurdistango langile eta iheslari asko Europako Mendebaldean bizi da egun. Alemanian indarkeriazko ekintzak izan ziren 1984an, eta Alemaniak PKK debekatu zuen 1993ko azaroan, zenbait erasoren ondoren. 1994 eta 1995. urteetan PKKk bonbez eraso zien Alemaniako turkiarren negozio, egunkari, eta bestelako zentro eta kultura erakundei. 1996ko martxoan, kurduen manifestazio handi baten ondoren, borroka gogorrak izan ziren alemaniar polizien eta kurduen artean: 100 polizia inguru zauriturik ziren eta 600 manifestari atxilotu zituzten. ■ Turkiako gobernua giza eskubideen inguruan zuen irudia hobetzen saiatu zen eta PKK bakartzen ahalegindu zen, kurdu talde moderatuekin negoziatuz eta erradikalak indarrez garaitzen saiatuz. Ocalanek alde bateko su-etena deklaratu zuen 1995eko bukaeran eta ostera 1996ko udaberrian. Gobernuak ez zuen elkarrizketarik onartu eta 1997ko hasieran PKKren baseen kontrako erasoa jo zuen Irak iparraldean. 1999an, zenbait egunez desagertuta egon ondoren, Kenyako agintarien esku utzia izan zen eta Turkiako segurtasun indarrek atxilo hartu zuten. Heriotza zigorra ezarri zioten, baina PKKko buru eta erantzule zela onartu, hildakoen senideen barkamena eskatu eta indarkeria alde batera uzteko deia egin zuen berak. PKKk protesta baketsuak egiteko deia luzatu zien beren jarraitzaileei. 2000. urtean Giza Eskubideen Europar Epaitegian onartu egin zituen Ocalanek Turkiaren kontra aurkezturiko helegiteak.