Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kunze, Reiner

Alemaniar idazlea (Oelsnitz, Erzgebirge, 1933). Meatzari baten semea. Hamasei urterekin Alemaniako Batasun Sozialistako kide egin zen. 1951-1955 bitartean kazetaritza, filosofia, literatura, musika eta artearen historiako ikasketak egin zituen. Ikasketak bukatuta, unibertsitatean eskolak eman zituen, eta garai hartan zalantzan jartzen hasi zen estatu sozialista. Salaketak jartzeko eta iraultzaren aurkako ekintzetan parte hartzeko deia egin zuen, eta horrek guztiak krisi fisiko-psikiko sakona eragin zion. Gauzak horrela, makinaria astuneko industria baten urtzaile laguntzaile hasi zen. Bere poemak irratian zabalduz bere bigarren emaztea izango zena ezagutu zuen, mediku txekiar bat, txekiar poesiaren alemanerarako itzultzaile bikainenetako bat bihurtuko zena. Varsoviako ituneko gudarosteak Txekoslovakian sartu zirenean, alderdia utzi zuen. Horren ondorioz, haren izena zikintzen saiatu ziren, eta estatuaren etsai deklaratu zuten. Handik aurrera bere testuak Alemaniako Errepublika Federalean baizik ez ziren argitaratu: Sensible Wege (1969, Bide sentiberak), Der Löwe Leopold (1970, Leopoldo lehoia). Denboraldi luzean debekatuta egon ondoren, berriro argitaratzeko baimena eman zioten Alemaniako Errepublika Demokratikoan. 1973an poema bilduma bat argitaratu zuen: Brief mit dem blauen Siegel (Gutuna zigilu urdinarekin). Baina handik hiru urtera Die wunderbaren Jahre (1973, Urte zoragarriak) argitaratu zuenean –liburua AEDren kritika zorrotza da, gazteei zuzendua– AEDko Idazle Elkartetik bota zuten. Handik gutxira, Alemaniako Errepublika Demokratikotik alde egin behar izan zuen. Beste lan batzuk: Vögel über dem Tau (1959, Hegaztiak ihintzetan); Aber die Nachtigall jubelt (1962, Baina erresiñola pozten da).