Kulturkampf
(Eusk. “Zibilizazioaren aldeko borroka”). Germaniako inperioaren eta eliza katolikoaren artean izan zen gatazka, 1873 hasi eta 1875ean amaitu zena. Bismarck kantzilerra izan zen eragilea. Bismarck protestantea zen, eta katolikoak erabat menderatu nahian, eta Prusia protestantearen nagusitasuna finkatzeko asmoz, estatu kontrol handia jarri zuen alemaniar elizaren gainean (“Maitzako legeak”, 1873). 1875ean ezarri ziren lege gogorrenak, eta heldu zen krisiaren une larriena: ezkontza zibila nahitaezko egin zen Alemania osoan, elizaren ondasunak konfiskatu ziren, elizgizon askok erbesteratu behar izan zuten, etab. Katolikoen oposizioa handia izan zen ordea; horrez gainera, higikunde sozialistaren gorakada eta ekonomia krisia zirela eta, Bismarck-ek atzera egin behar izan zuen, eta legeak baliogabetu zituzten.