Krutwig Sagredo, Federiko
«Fernando Sarrailh de Ihartza». Bizkaiko idazle eta politikaria (Getxo, 1921 – Bilbo, 1998). Aita alemaniarra zuen eta ama bizkaitarra, jatorriz veneziarra bazen ere. Euskaldunberria. 1941ean R.M. Azkue ezagutu eta haren laguntzaile ibili zen lanean. 1943an euskaltzain oso egin zuten, Euskaltzaindia nahikoa itzalita zegoen garaian, eta Azkuerekin batera suspertu zuen. Garai hartan Mikeldi pintore taldea eta Julio de Urquijo Ikerketarako Institutua sortu zituen. Euskara batzearen aldeko eraginkorrenetakoa izan da. Horretarako Lapurdiko literatura tradizioa hartu zuen oinarritzat (Leizarraga, Axular, Etxeberri, Haraneder…), hizkuntza landuenetako maileguak onartuz (grezieratik batez ere), eta ahozko tradizioak baztertuta. 1952an, Luis Villasantek Euskaltzaindian sartu behar zuen egunean, hitzaldi bat egin zuen Bizkaiko Aldundian, elizak euskararekiko zuen jarrera salatuz. Orduko aginpide frankistak haren hitzaldia separatistatzat jo eta atzerrira joatera behartu zen. Donibane Lohizunen Lezo de Urreztieta eta Parisen Jon Mirande ezagutu zituen. Hurrena, 1961ean, Miarritzera itzulita, bere idazlanik ezagunena prestatzen hasi zen: Vasconia (1963). Liburu hark eragin handia izan zuen belaunaldi gazte antifrankistarengan, EAJaren burubideak zalantzan jartzen zituztenen artean. EGI mugimenduko kide ohiekin borroka armatuari buruz teoriak lantzen hasi zen. Frantziatik kanporatu zuten 1964an eta Bruselara joan zen. Han ETAko kideekin harremanetan jarri eta txosten pare bat idatzi zituen erakunde horrek Lapurdiko Getarian egin behar zuen V. Biltzarrerako (1966-1967). ETArengandik bereizten hasi zen pixkanaka, harik eta 1975ean erabat hautsi zuen arte. Krutwigen artikuluak Egan, Gernika, Euskera, Euzko Gogoa, Branka, RIEV eta Deia agerkarietan aurki daitezke, besteak beste. Vasconia liburuaren arrakastaren ondoren saio liburu asko eman zituen argitara: La cuestión vasca (1965); Vasconia y la nueva Europa (1976); Garaldea (1978), euskaldunen jatorriari buruz, guantxe herriarekin lotuta; La nueva Vasconia (1979); Mikelditarrak (1979); eta Computer Shock Vasconia (1984), XX. mende hondarrean Euskal Herriak daukan erronka informatikoari buruzkoa. Eleberriak eta kontakizun laburrak ere idatzi izan ditu: Ekhaitza (1980); Igibarziaren iphuiak (1981); Jakintza-baitha, Erroten Burgiko mystêrioa, Harbelnoren amazônak, Mystagintza zaharra (1982, Belatzen baratze sailekoak); Otsoaren bidea (1983), Ortziren zaldiak (1983), Garaziko oihanaren thauma, Sua ez da hiltzen.