Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kroazia

(Izen ofiziala, Kroaziako Errepublika; Serbokroazieraz, Republika Hrvatska). Europako erdialdeko estatua, Balkanetako penintsularen mendebaldean, Itsaso Adriatikoaren ekialdean. Kroaziak Dalmazia, Istriaren parterik handiena eta Ekialdeko Eslavonia hartzen ditu; uharte asko ditu Itsaso Adriatikoan. 56.538 km2 eta 4.453.500 biztanle (2008, kroaziarrak). Mugak: iparraldean Eslovenia eta Hungaria, ipar-ekialdean Serbia, ekialdean, Bosnia-Herzegovina, hegoaldean Montenegro, eta mendebaldean Itsaso Adriatikoa. Hiriburua: Zagreb. Hiri nagusiak: Split, Rijeka (lehen Fiume), Osijek, Zadar (lehen Zara), Pula, Dubrovnik (lehen Ragusa). Hizkuntza: kroaziera (serbokroazierak Kroazian duen izena; hizkuntza ofiziala), % 96; beste batzuk (italiera, hungariera, txekiera, eslovakiera eta alemana), % 4. Dirua: kuna. Gizatalde nagusiak: kroaziarrak (% 89,6), beste europar batzuk (esloveniarrak, hungariarrak, bosniarrak, serbiarrak) (% 10,3), besteak (% 0,1). Erlijioak: kristau katolikoak (% 87,8), kristau ortodoxoak (% 4,4), musulmanak (% 1,3). ■ Biztanleak. Kroazia betidanik izan da etorkin herria, baina XX. mendean zehar, biztanleria nabarmen homogeneizatu zen: 1945ean, Eslavoniako alemaniarrak kanporatu zituzten, eta urte berean Istriako italiarrek alde egin zuten; 1995ean, berriz, Krajinako ia 500.000 serbiarrek alde egin zuten. Bestalde, kroaziar diaspora oso handia da, Estatu Batuetan, Txilen, Alemanian, Australian eta Suedian barreiatuta dago, nagusiki. Kroaziako bizi itxaropena 74,6 urtekoa da; emankortasun tasa oso apala da, eta biztanleria behera egiten ari da pixkanaka. Biztanleen % 98,5 daude alfabetatuta. ■ Lurraldea. Kroaziaren lurraldea zenbait lurralde historikoren batasunaren emaitza da, eta haien arteko lotura, geografikoa baino areago, nazionala da. XIX. mendearen erdialdea arte Kroazia deitu izan den eskualde bakarra, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera zabaltzen dena da; Zagrebeko eskualdea eta Zagorjeko mendiak hartzen ditu, oso jendeztatuak. Hegoaldean, Kroaziako Krajinako mendialdean, Bosniako mugan, batez ere serbiarrak bizi izan dira, 1995 arte. Mendebaldeko Kroazia menditsua da, eta oso jende gutxi bizi da bertan. Eskualde nagusi horien inguruan hiru multzo periferiko garrantzitsu daude: Eslavonia, Dalmazia eta Istria. Eslavonia ipar-ekialdean dago eta pasabide zabal bat da, Drava eta Sava ibaiek mugatua; aski aberatsa da, nekazaritzaren alorrean batez ere. Eslavoniako hiri nagusia Osijek da (150.000 biztanle), eta Zagreben eta Belgraden erdibidean baitago, 1991-1995eko gerran liskar gordinenak izan ziren gunea da. Eslavoniako Danubioko portu bakarra, Vukovar, osorik suntsitu zuten. Bigarren eskualde periferikoa, Dalmazia, hego-ekialdean dago, eta zerrenda estu bat osatzen du kostaldean, uharte askorekin. Split da hiri nagusia (350.000 biztanle). 1960ko hamarralditik aurrera, turismoa izan da bertako jarduera garrantzitsuena, paisaiaren aniztasunari, klima eguzkitsuari eta kultura ondasunen aberastasunari esker. Hantxe dago Dubrovnik, antzinako hiri ederra. Azkenik, mendebaldean, Istriako penintsula dago. Istrian ere garrantzitsua da turismoa, eta Pula da hiri nagusia. Geografia alde horiek, garraiobideek artean berdindu ezin izan dituztenek, sentimendu nazional indartsu batek orekatu ditu; horri esker gainditu ahal izan da, esaterako, dialektoen arteko aldea. ■ Ekonomia. Bigarren Mundu Gerraren aurretik, Kroaziako ekonomia laborantzan eta abere hazkuntzan oinarritzen zen. Gerraren ondoren petrolio hobi aberatsak aurkitu ziren, eta, aldi berean, industria arina sendotu zen; era horretan, asko aldatu zen Kroaziaren egoera. Gerraren ondoren orobat, areagotu egin zen baliabide naturalen (indar hidroelektrikoaren, ikatzaren eta bauxitaren) erabilera. Jugoslavia zatikatu aurretik, Kroaziako Errepublika zen, Esloveniaren ondoren, federazioko lurralde oparoena eta industrializatuena; biztanleko errenta jugoslaviarren batez bestekoaren heren bat handiagoa zen. Independentziak diru berria ekarri zuen (kuna), eta egonkortasun plangintza bat jarri zen abian. Era horretan, inflazioa kontrolatu ahal izan zen, eta truke tasa egonkortu. Gerra eten zenetik, 1994tik aurrera, gora egin dute biztanleen sarrerek. Alabaina, ekonomia arazo larri eta askotarikoei aurre egin behar izan die Kroaziak: gerraren ondorioak, zubi, lantegi, energia sareak, eraikinak eta etxebizitzak desegin baitziren; biztanle asko bere etxetik kanpora bizi dira artean, eta beste asko dira oraindik errefuxiatuak; harreman ekonomikoen etenaldia; eta garai komunistako ekonomia zurrunegiaren ondorioak. Mendebaldearen laguntzak eta inbertsioek –bereziki turismoaren eta petrolioaren industrietan–, izan du eraginik ekonomiaren susperraldian. Gobernuak ere egin ditu zenbait erreforma saio –egonkortasunaren aldeko politikagintza partzialki makroekonomikoa–, eta hartzekodunekiko harremanak normaldu ditu. Nolanahi ere, oso motela da ekonomiaren hazkundea. Gaur egun, zerbitzuak, industria arina, ontziolak eta turismoa dira jarduera nagusiak. ■ Historia. Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista osatzen zuten sei errepubliketako bat izan zen Kroazia 1946-1991. urteetan. Kroaziarrek zuten beren esku Jugoslaviako Federazio ohian buruzagitza ekonomikoa, eta Federazioak hartzen zuen turismoak, merkataritzak eta emigrazioak ekartzen zituen dibisen sarreren parte bat, Jugoslaviako eskualde pobreenetan inbertitzeko. Federazioko eskualde pobreentzako (Kosovo, Mazedonia) Banaketa Funtsean, hortaz, parte handia zuen, eta kroaziar nazio higikundeak (1971n sortu zen) egoera hori salatu zuen. 1971. urtean, ikasleek manifestazio handiak egin zituzten, kroaziar zuzendaritza komunistak bultzatuak (Savka Dabcevic, Mika Tripalo); hala berpiztu zen balizko independentzia baten ideia. Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren presidenteak, Titok, nazionalismoa jugoslaviarren kontrako kroaziar emigrazioarekin loturik zegoela adierazi zuen, eta dimisioa ematera behartu zituen buruzagi komunistak. Hala ere, autonomia maila handiagoak lortu ziren 1974ko konstituzioarekin, ahalmen gehiago ematen baitzizkien hark errepublika federatuei. Baina, 1980ko hamarraldian, Tito hil ondoren, talde politikoak, elkarren kontrakoak, hasi ziren lehian. Alde batetik, komunista erreformazaleak, Ante Markovic-ekin, zeina 1989ko urtarrilean gobernu federalaren presidente hautatu baitzuten, eta, bestetik, antikomunistak eta nazionalistak biltzen zituen koalizio bat; horien artekoa zen Kroaziar Komunitate Demokratikoa (HDZ), Franjo Tudjmanek gidatua. Alderdi hori urrundu egin zen gobernu federaletik; izan ere, komunista erreformatzaileen mende zegoen gobernu federala, eta 1990etik aurrera egonkortasun plangintza bat jarri zuen abian, herria inflazio larritik aterarazteko eta ekonomia sistema aldatzeko. Neurri horiek ondorio txarrak izan zituzten (produkzioak behera egin zuen, langabezia gehitu), eta, hala, HDZk egitarau federalaren kontrako kanpaina egin ahal izan zuen. 1990eko maiatzeko lehen hauteskunde libre eta alderdi-anitzen ondoren, HDZk gehiengo handia izan zuen, eta F. Tudjman hautatu zuen Legebiltzarrak Errepublikako presidente. Era horretan, tentsioak areagotu egin ziren Belgradeko buruzagi serbiarrekin, federazioaren etorkizuna zela-eta; izan ere, HDZk independentzia ekonomiko, politiko eta militar handia nahi zuen Kroaziarentzat. Serbiar errepublikako agintarien gogortasunak (S. Milosevic haien buru) ezinezko egin zuen kroaziar burujabetzari buruzko negoziazio oro. 1991ko maiatzean, kroaziarren % 94k independentziaren aldeko botoa eman zuen HDZ alderdiak antolaturiko erreferendum batean; Kroaziako serbiarrek –Kroaziako biztanleria osoaren % 11,5, batez ere Krajinan bildua– boikota egin zioten erreferendumari. Kroaziaren independentzia, 1991ko ekainaren 25ean aldarrikatua, ez zuen onartu gobernu federalak, ezta Krajinako serbiarrek ere; hala, Krajinako serbiarrek armak hartu eta armada federalaren laguntza eskuratu zuten. Gerra zibila hasita, Europako Erkidegotik (EE) eta Estatu Batuetatik egindako deiek ez baitzuten lortu gerra gelditzerik, Europako Erkidegoak Kroazia eta Esloveniaren independentzia onetsi zuen. Su-etena lortzeko saioak aski eraginkorrak izan ziren, harik eta Bosnia-Herzegovinak ere independentzia aldarrikatu zuten arte. Laster zabaldu zen gerra zibil odoltsu bat eskualde osora, serbiarrak, kroaziarrak eta musulmanak elkarren kontra jarri zituena. 1994. urtean Bosnia eta Herzegovinatik zetozen ia milioi bat iheslari sartu ziren Kroaziara, eta gobernuak nazioarteko laguntza eskatu behar izan zuen. Kroaziako Krajina eta Ekialdeko Eslavoniako eskualdeak Serbiak anexionatu zituen gerraren garaian, baina kroaziarren ekinaldi militar batek, 1995eko abuztuan, Krajina berreskuratzea lortu zuen; geroago Serbiak amore eman zuen eta Ekialdeko Eslavonia itzuli zion Kroaziari. 1996ko uztailean, Europako Kontseiluan onartu zuten Kroazia, nahiz eta arazoak izan Krajinako serbiar iheslarien itzulera (300.000 baino gehiago) eta erregimenaren demokrazia eskasa zirela-eta. Jugoslaviako Errepublika Federal berriarekiko harremanen normalizazio prozesuak aurrera egin zuelarik, Vukovar-eko hiria itzuli zitzaion Kroaziari 1998ko urtarrilaren 12an; egun horretan beraz, aurreneko aldiz errepublika aldarrikatu zenez geroztik (1991ko ekaina), izan zuen Zagrebek Kroaziako lurraldea osorik bere mende. HDZren indarra ahulduz joan den arren, eta gizartea pozik ez zegoen arren, 1997ko apirileko eta ekaineko eskualde eta presidentziarako hauteskundeen ondoren, Franjo Tudjman irten zen, hirugarren aldiz, bost urterako presidente, oposizioko alderdiak ez baitziren ez elkartzeko ez estrategia bateratua osatzeko gauza izan. 2000. urtean parlamentu sistema ezarri zen Kroazian, eta harrezkero Stjepan Mesić da lehendakari; 2003an Ivo Sanader izendatu zuten Lehen Ministro. Gerra garaian izandako nazioarteko laguntza murriztu egin denez, Europar Batasunera hurbiltzeko ahalegin handiak egin ditu kroaziar gobernuak. 2003an egin zuen Batasunean sartzeko eskaria eta 2004an hautagai izaera onartu zioten: 2010erako Europar Batasunean sartuko da, aurreikuspenen arabera (baita NATOn ere).
http://www.vlada.hr/