Krasinski, Zygmunt
Poloniar idazlea (Paris, 1812 - Paris, 1859). Poloniako idazle erromantiko handiena izan zen, Juliusz Slowacki eta Adam Mickiewicz-ekin batean. Aristokraziako familia batean sortu zen eta Varsovia eta Genevan egin zituen ikasketak. 1833an eman zuen bere lehen nobela (Agaj-Han, 1833), “Poloniako poeta izengabe baten” izenpean, eta bi urte geroago idatzi zuen bere lan onena: Nie-Boska Komedia (1835, Komedia ez jainkozkoa). Lyongo ehundegietako langileen borroka du aurkezgai drama honek eta klase-borroka bere adiera modernoan agertzen duen lehen idazlantzat hartua izan da. Irydion drama eman zuen 1836an, Erromako kristauen gainbehera ardatz. Obra batzuk frantsesez idatzi zituen: La Confession de Napoléon (1830, Napoleonen aitorpena) eta Vision des esprits des siècles (1831-1833, Izpirituaren ikuspegia mendeetan zehar).