Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Krakovia

(Polonieraz Krakow). Poloniako hegoaldeko hiria, Vistula ibaiaren eskuinaldean. Izen bereko voivoda herri edo herrialdeko hiriburua da. 748.400 biztanle (1991). Administrazio eta merkataritza hiri garrantzitsua da eta Nowa-Huta izeneko hirira bildu da bertako industria (burdingintza). Arte, kultura eta unibertsitategune guztiz garrantzitsua da Erdi Aroko garaietatik. Aipagarri dira Wawl-go errege gaztelua, XV. mendeko gotorlekua, harresiak, Rynek Clowny plaza eta bertako eraikinak: Ama Birjinaren eliza (XIII-XIV. m.), Udaletxe zaharra (XVI. m.) eta Bandera aretoa, Berpizkundearen garaikoa.  v  Historia. Poloniako lehen hiri kristaua izan zen Krakovia eta XI. mendean sortu zen apezpikutegia. Hainbat alditan bipildu zuten mongoliarrek 1241. urtetik aurrera eta Poloniako hiriburua eta erregeen egoitza hiria izan zen 1320-1595. urteetan. Kasimiro III.ak sortu zuen 1364an unibertsitatea. Arte eta kultura hiri handia izan zen XVII. mendea arte, baina gainbehera jo zuen Varsovia Poloniako hiriburu egin ondoan (1596). Suediarren inbasioek (1656 eta 1702-1709) larriagotu zuten egoera hura eta jendez hustu zen hiria XVIII. mendearen hasieran. Krakovian mamitu zen Tadeusz Koscuiszkok gidaturiko matxinada (1794) eta Austriako inperioaren barnean geratu zen hiria 1795ean, Poloniaren hirugarren banaketaren ondoren. Varsoviako dukerriko hiri 1809-1815. urteetan eta errepublika erdi-autonomoa izan zen 1815-1846 bitartean. Ondoren, Austriako inperioaren barnean egon zen Galitziarekin batera 1919 arte. Naziek hartu zuten hiria 1939an eta bertan egon zen alemaniarren Poloniako agintaritza nagusia. Sobietar gudarosteak askatu zuen hiria 1945ean.