Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Korsika

(Korsoz Corsica; Fr. Corse). Egun Frantziako estatuaren mendean dagoen Europako hegoaldeko nazioa eta uhartea, Mediterraneo Itsasoan dagoena. Korsika Garaia eta Hego Korsika departamenduetan banatua dago. 8.722 km2 eta 275.200 biztanle. Mediterraneo Itsasoko laugarren uhartea da eremuari dagokionez, Sizilia, Sardinia eta Zipreko uharteen ondotik. Hiriburua, Aiacciu (Fr. Ajaccio). Corti da Korsikako hiriburu historikoa eta Bastia bigarren administrazio hiriburua.  v  Orografia eta klima. Oso lurralde menditsua da eta iparralde hegoalde zeharkatzen dute mendiek uhartea. Cinto (2.710 m), Rotondo (1.625 m) eta Incudine (2.136 m) dira gailur nagusiak. Mendi hauetan dute iturburu Golo, Tavignano, Liamone, Granove Tarova eta Profiano ibaiek. Itsasertzak malkartsuak eta harritsuak dira eta badia nahiz golko ugari irekitzen dira, ekialdeko itsasertzean izan ezik. Mediterraneoko klima du (15,5 °C-ko tenperatura batez beste), hotzagoa mendialdeetan. Basoek hartzen dute uharteak duen eremu osoaren bostena.  v  Biztanleak eta hizkuntza. Bastiako eta Ajaccioko hirietan bizi da Korsikako biztanleen herena baino gehiago. Emigrazio lurra da Korsika eta ondorioz zahartzen ari da bertako biztanleria (64 urtetik gorakoak Korsikako biztanleen laurdena baino gehiago dira). Korsoa da hizkuntza nazionala, frantsesa hizkuntza ofiziala den arren. (biztanleen % 70ek hitz egiten dute korsoz).  v  Ekonomia. Nekazaritzan (mahastiak, olibondoak, fruitu garratzak) eta turismoan oinarritzen da Korsikako ekonomia. Industria ez dago oso garatua. Burdinbide batek lotzen ditu Korsikako hiri eta eskualde nagusiak (Aiacciu, Bastia, Calvi). Bastian eta Aiacciun daude, bestalde, uharteko aireportu garrantzizkoenak.  v  Historia. K.a. 6000 urteko giza aztarnak aurkitu dira Korsikan. Feniziarrak eta kartagotarrak egon ondoren, erromatarrak bertara heldu (K.a. 221) eta Sardinia-Korsika uharteek osatutako probintzia eratu zuten. Erbestera bidalitako zigortuentzako uharte bihurtu zen K.a. I. mendean. Erromako inperioaren ondoan, herri germaniarrek eta bizantziarrek eraso zioten Korsikari eta Erromako Aita Santuen manupean geratu zen lonbardiarren konkistaren ondoren (725). 1077an Pisako hiriaren eskuetara igaro zen eta 1284an hasi zen genovatarren kolonizazioa. Kartsu borrokatu ziren korsikarrak genovatarren aurka mendeetan zehar eta Frantziako koroaren laguntza eskatu zuten egiteko horretan XVI. mendetik aurrera. 1729. urtean berrogei urteko gerra luze bat piztu zen Korsikan, genovatarrak eta Austriako enperadorea alde batetik eta Frantziako koroa eta korsikarrak bestetik. 1768an Frantziari saldu zion Genovak uhartea eta amarruz eta bertako familia batzuen saldukeriez (Bonaparte familia tarteko) baliatu zen Frantzia 1769. urtean uharteaz jabetzeko. Frantziako Iraultzaren garaian, Ingalaterrako koroak lagundu zien abertzaleei eta etengabe jardun zuten talde gerrillariek XIX. mendeko lehen hamarkadetan. 1943an, Ipar Afrikako frantses gudarostea jabetu zen, makiek lagunduta, nazien esku zegoen Korsikaz; 1960. urtetik aurrera Aljeriatik zetozen pied-noir edo kolono frantses asko egokitu zen Korsikan. Egitura erdi-kolonial baten mendean eduki du Frantziako estatuak Korsika betidanik; turismo-lur bihurtu dute frantsesek uhartea eta korsikar askok emigrazio bidea beste erremediorik ez du izan luzaroan. 1976tik aurrera areagotu ziren korsikar abertzaleen ekintzak eta 1982an autonomia estatus berezi bat onartu zion Frantziako estatuak Korsikari.