korronte
iz. Isurkari edo gas baten higidura lasterra norabide jakin batean. || Elektrizitatearen edo karga elektrikoen higidura eroale batean zehar. v Korronte elektriko batek eremu magnetikoa sortzen du bere inguruan, eta, era berean, hari eroale bat eremu magnetiko batean higitzen bada, korronte elektrikoa sortzen da eroalean. Hari eroale hori kiribiltzen bada, eta korronte elektrikoa gehitzen bazaio, eroaleak eremu magnetiko bat sortzen du inguruan. Orobat, hari eroalea burdin gozo zati baten inguruan kiribiltzen bada, eremu magnetikoa areagotu egiten da. Eremu magnetikoaren eta elektrizitatearen elkarren arteko eragin horri elektromagnetismo esaten zaio. Aurkikuntza hori egin zenean hasi ziren lehen makina elektrikoak sortzen: sorgailuak eta dinamoak. Makina horietan bobina batek edo bobina multzo batek birak ematen ditu eremu elektromagnetiko baten barnean, eta energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen da hala, edota alderantzizkoa egiten da bestela; hau da, eremu magnetiko bati korronte elektrikoa gehitzean ardatz batean jarrita dauden elektroimanak biraka hasten dira eta elektrizitatea indar mekaniko bilakatzen. Bi korronte elektriko mota daude: korronte jarraitua edo zuzena eta korronte alternoa. Korronte jarraituan karga elektrikoa norabide bakar batean joaten da beti; aldiz, korronte alternoan karga elektrikoa norabidez aldatuz joaten da eroalearen mutur batetik bestera maiztasun jakin baten arabera (hainbeste aldiz segundoko). Bestetik, korronte elektrikoak gatz disoluzioetan sartzen direnean, kimikoki banatzen dira horien osagaiak elektrolisiaren bidez. v Korrontearen intentsitatea. Eroale batean zehar denbora banako jakin batean igarotzen den karga elektrikoaren zenbatekoa (I). Formula honen bidez adierazten da: I = Q/t. Dinamometroak eta anperimetroak neurtzen dute korronte elektriko baten intentsitatea.