kopla
iz. Bertsoa, eta bereziki kanta edo kantu baten ahapaldi bakoitza, kobla. v Kopla zaharrak. Ahozko euskal literaturako moldea, bertso berrietatik bereizteko hala izendatzen dena. Kopla zaharrak erabiltzen dira, batez ere, eskeko ibilaldi gauezkoetan (Eguberri, Urteberri, Santa Ageda, Inauteri, San Juanetan). Gaur egun kopla asko eta asko buruz kantatzen badira ere, lehen aldiz kantatu zirenean, bat-batean sortuak izan ziren seguruenik. Diskurtso poetikoaren antolakuntzari dagokionez, badira desberdintasunak bertso berrien aldean. Kopla zaharretan pentsamendua ibiltariagoa da, berez, eta antolakuntza zatikakoagoa; koplatik koplarako lotura etenagoa da, beraz. Eten hori ez da kopla artekoa bakarrik, ez bada kopla barrukoa ere, lehenengo eta bigarren zatiaren artean. Kopla bakoitzak lau bertso lerro ditu, oro har, eta bigarrenaren azkenak edo puntuak eta laugarrenarenak bat datoz hoskidetzan. Lehen bi lerroek ideia poetiko bat azaltzen dute, izaditik hartua, maiz; eta azken biek, berriz, xelebrekeriaren bat era prosaikoago batean azaldua. Koplaren esanahia bera, azken bi lerroetan dator, eta lehen zatiaren funtzioa bigarrena indartzea da, kontraste baten bidez, itxuraz zerikusi zuzenik ez badu ere bigarrenarekin. Hortik, sarri, lotura falta hori; itxuraz soilik, ordea, zeren loturaren bat izaten baita.