Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kontseilua, Nafarroako Errege

Nafarroako errege erakunde gorena. Xedea errege-erreginei bere gobernuan laguntza eta aholkuak ematea bazuen ere, izatez berezko garrantzia hartu zuen une askotan. Erregeak berak aukeratzen zituen Kontseiluko kideak, elizako goi mailako hirerarkiaren (Iruñeko eta Baionako apezpikuak, Leire eta Olibako abadeak…), administrazioko goi mailako kargudunen (Erresumako kantzilerra, Errege diruzaina…), aitonen-semeen eta jaun aberats nagusien artetik. Badirudi hamabi zirela Errege Kontseiluko kideak hasieran. Aholkuak eman ez ezik, munta handiko erabakiak hartu ohi zituen Errege Kontseiluak justizia, administrazio eta politika alorretan. Hasieran erregeen alboko pertsonak baziren ere, sarrera handiagoa izan zuten justizia eta administrazio gizonek XV. mendetik aurrera. Justiziaren alorrean, Errege Kontseilura eramaten ziren Nafarroako Gorte Nagusiak hartutako erabakiei egin beharreko apelazioak, eta beste hainbeste gertatzen zen Kontuen Ganberan hartutako erabakien aldetik. XVI. mendean, Nafarroa Garaia Gaztelako koroaren mendean geratu zenetik aurrera, aginpide politikoa galdu zuen Errege Kontseiluak, eta zazpi kide izan zituen handik aurrera: erregeordea eta beste sei kontseilari, Gaztelako erregeak aukeratuak. 1561. urtean, karta gaineko eskubidea aitortu zitzaien Nafarroako Errege kontseilariei. Eskubide horren arabera, errege agindu oro Errege Kontseiluak onartu behar zuen lehenik, Nafarroan indarrean jarri aurretik. Foruekin batean desagertu zen Nafarroako Errege Kontseilua 1841. urtean.