Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kontrapuntu

iz. Mus. Musikagintzaren teknika, bi doinu edo gehiago elkarren gainka edo aurka jartzen dituena.  v  XIV. mendearen hasieran agertutako hitza da. Punctus contra punctum edo «nota notaren aurka»tik dator, doinua doinuaren kontra, alegia. Kontrapuntua polifoniaren sinonimotzat jo daiteke ia, baina kontuan hartzekoak dira ñabardura batzuk. Polifonia antzinako musika da eta sailkapen historiko eta estilistiko zabalagoa du. Kontrapuntua, berriz, geroagoko aldien musikarako erabiltzen da (XVI. mendetik XVIII. mendera) eta ikasketa sistematikoaren ezaugarriak ditu eta xedea, ikaskuntza. Kontrapuntu hitza sarritan erabiltzen da aldiberean entzuten diren doinuen nolakotasuna eta izaera bereizteko. Adiera horretan Bach-en fuga bat kontrapuntuzkoa da eta Chopinen nokturno bat ez; baina azterketa sakon bat egin ondoren, biak linealki eginak direla ikusten da. Bestalde, kontrapuntua, harmonia ez bezala, musikaren alderdi horizontalean eta soinuen segida diakronikoan oinarritzen da. Hala ere, nekez kontrajar daitezke, harmoniaren legeek arautzen baitute oinarrian kontrapuntua, eta doinu ildoen mugikortasuna ondo ezagutu behar baita behar bezalako lan harmonikoa egiteko. Kanonek, fugek, eta abarrek kontrapuntuaren teknika erabiltzen dute, bai eta imitazioak berezko dituen formek ere.