Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

koloregai

iz. Kim. Zerbait koloreztatzeko erabiltzen den gaia.  v  Tindatze prozesuan animalien edo landareen ehunen gainean finkatzen diren gai koloredunak dira. Koloregaiak naturalak edo artifizialak izan daitezke. Ezagutzen diren gehienak petroliotik edo harrikatzaren alkaternatik lortuak dira. Horietako asko laborategietan sintetizatu dira. Gai horien kolorea eta tindatzeko gaitasuna molekulan dituzten bi egitura ezaugarrik baldintzatua da: egitura kromoforoak eta egitura auxokromoak. Lehenengoek ematen diete kolorea koloregai arruntei (-N=O, -NO2, -N=N-, etab.), eta bigarrenak ehunen gain koloregaia finkatzen dutenak. Azken hauen artean ezagunenak diren multzoak amino multzoa (-NH2), hidroxi multzoa (-OH), karboxi multzoa (-COOH) eta sulfoniko multzoa (-SO3H) dira. Koloregaiak egitura kimikoaren arabera edo ehunak tindatzeko erabiltzen diren tekniken arabera sailka daitezke. Egituraren arabera hauek dira ezagunenak: 1) Nitro eta nitroso koloregaiak. Kromoforo gisa -NO edo -NO2 multzoak dituzte. Azido pikrikoa hauetakoa da. 2) Koloregai azoikoak. Kromoforo nagusi gisa -N=N- multzoa dute. Sintesi bidez lortutako koloregai garrantzitsuenetakoak dira. Ezagunak dira Kongo gorria eta metilozko laranja. 3) Koloregai etilenikoak. Behin baino gehiagotan dute molekularen egituran -CH=CH- multzoa. 4) Trifenilmetanoaren koloregaiak. -NH2 kromoforoa dute. 5) Indigoaren koloregaiak. Lehen indigo landaretik lortzen baziren ere, gaur egun sintesi bidez lortzen dira laborategian. 6) Antrakinonaren koloregaiak. Multzo kromoforo gisa orto eta parakinona dituzte. Alizarina da ezagunena. 7) Ftaleinak. Koloregai ezagunena laborategian pH adierazle gisa erabiltzen den fenolftaleina da. Ehunak tindatzeko erabiltzen diren metodoen arabera koloregaiak honela sailka daitezke: 1) Koloregai zuzenak. Ehuna koloregaia duen ur disoluzioan sartuz erabiltzen dira. Hori egiten da zeta eta artilea tindatzeko, baina ez dira koloregai zuzen asko ezagutzen kotoia tindatzeko. 2) Koloregai finkatzaileak. Kolore finkoak lortzeko finkatzaileen beharra duten koloregaiak dira, eta hori dela eta koloregaia eta finkatzailea biak nahasturik jartzen dira bainuan. Koloregai horiek artilea, kotoia eta nylona tindatzeko gai dira. Alizarina da multzo honetako koloregai ezagunenetakoa. 3) Upelako koloregaiak. Ez dira uretan urtzen, baina bai disoluzio basikoan erreduzituz. Koloregai ezagunenak indigoaren eta antrakinonaren multzokoak dira. Artilea eta kotoia tindatzeko oso egokiak dira. Koloregai bereziekin larru iletsuak eta zeta tindatzen dira. Munduan ekoizten den koloregai produkzioaren zatirik handiena ehun zuntz naturalak eta sintetikoak tindatzeko erabiltzen da. Larruei, paperari, kautxuari, elikagaiei, kosmetikoei kolorea emateko ere erabiltzen dira, eta baita beste alor askotan ere.