Kokoschka, Oskar
Austriar margolari, marrazkilari, grabatzaile eta idazlea (Pochlarn, 1886 - Villeneuve, Suitza, 1980). Vienan ikasi zuen gaztetan (1905-1909) eta Berlina jo zuen gero. Han abangoardiako giroan murgildu zen berehala, Der Sturm aldizkariaren inguruan. Poemak eta dramak idatzi zituen garai hartan: Mörder, Hoffnung der Frauen (1907, Hiltzailea, emakumeen esperantza), Der brennende Dornbusch (1911, Sasia sutan). Margolaritzan, errealitatea bortizki desitxuratzen zuen joera espresionistako erretratuak egin zituen urte haietan: Dirsztay poeta (1910). Hasierako grafismoa erruz erabiltzeko joera baztertuz joan zen, eta kolore biziagoko obrak egin zituen (Haizeen zirimola, 1914). Dresdengo hirian egon zen irakasle 1919-1924 bitartean eta Vienan eta Pragan izan ondoren (1931-1938), Londresa joan eta 1954 arte han egon zen. Nazismoaren etsai handia izan zen, eta koadro bat egin zuen Condor Legioak Bizkaian eginiko bonbardaketaren erakusgarri, Euskal Herriko haurren alde. Suitzan hartu zuen egoitza 1954tik aurrera, eta bertan hil zen 1980. urtean. v Oskar Kokoschka margolari espresionista handienetako bat izan zen. Lehen obretan pertsonaien psikologian barneratzeko ahalegina nagusi bazen ere, humanismo sakon baten ikuspegi alegorikoek bete zituzten neurri handi batean bere azken lanak.