Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Knox, John

Eskoziar eliza erreformatzailea, Eskoziako Erreformaren buruzagi nagusia (Giffordgate, 1505 - Edinburgo, 1572). Haren gaztaroaz berri ziurrik ez dago. 1546an Eskoziako Erreformaren buruzagien artean zegoen. Aita Santuaren jarraitzaileen aurkari sutsua izan zen. Frantzian erbesteratua egon ondoren Ingalaterrara joan zen eta gero, 1555ean, Genebara. Han Kalbino ezagutu zuen. Geroago kalbinismoa Eskoziara eraman zuen (1559). Maria Guisekoa, erregina ordea, hil zenean (1560) Parlamentu librea bildu zen, ordu arteko erlijio liskarrak konpontzeko. Parlamentu horrek Eliza Erreformatua onartu zuen, kalbinismoan oinarritua. J. Knox-ek parte handia izan zuen Eliza berriaren First Book of Discipline (Lehenengo diziplina liburua) eta Confession of Faith (Fede aitorpena) liburuen prestaketan.