Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

klima

iz. Denbora bitarte luzean lurralde bateko eguratsaren egoera baldintzatzen duten gertaera meteorologikoen multzoa.  v  Klimaren faktoreak. Elementuei eragiten diete eta tokien edo urtaroen arteko desberdintasunak sortzen dituzte. Hauek dira garrantzitsuenak: latitudea, lehorraren eta uraren banaketa, itsasoko ur lasterrak, garaiera, mendiak, presiogune erdi iraunkorrak, haizeak, aire masak eta ekaitzak. Latitudea. Eguzkiaren angelua eta egunaren luzera baldintzatzen ditu. Hartara, ekuatore ingurua beroa da, eta buru aldeetara gero eta hotzagoa da. Lehorraren eta uraren banaketa. Lurra ura baino azkarrago berotzen da, baina ura astiroago hozten da. Horregatik, ur masa handietatik urrun diren lurraldeek muturreko tenperaturak jasan ohi dituzte eta hurbil daudenek ez dute hain gorabehera handirik izaten. Itsasoko ur lasterrak. Eragin handia izan dezakete haizeak kostaldetik jotzen duen lurraldeetako kliman. Ur laster hotzen eraginez, tenperatura jaisten da eta euriak gutxitzen dira, hala nola Kalifornian, Txilen eta Perun; ur laster beroek lehorreko tenperatura jasotzen dute, hala nola Gulfstreamen inguruko lurraldeetan. Garaiera. Atmosferaren tenperatura jaitsi egiten da garaiera igo ahala (0,6 °C 100 m bakoitzeko). Goi lurraldeek beherekoek baino euri gehiago biltzen dute, eta mendi mazelak behe lurrak baino haizetsuagoak dira. Mendiak. Euria daramaten haizeen norabidean dauden mendiek behe lurraldeek baino errazago jasotzen dute euria. Mendietan, haizeak jotzen ez duen aldea bestea baino lehorragoa izaten da maizenik. Presiogune erdi iraunkorrak. Goi eta behe presio erdi iraunkorreko lurraldeek haizearen norabide nagusia baldintzatzen dute. Haizeak, aire masak eta ekaitzak. Lurraldeen arteko presio desberdintasunek eragin handia dute kliman; horiei dagokie beroaren eta hotzaren banaketa, baita hezetasuna ere hein handi batean. Aire masak lurrazaleraren alde homogenoak ukitzen dituenean, tenperatura eta hezetasun bertsuko egurats geruzak eratzen dira atmosferaren behe mailetan; lurralde bateko klima gainean dituen aire masen araberakoa da. Eguratseko ekaitzek eragin handia dute kliman, tenperatura eta presio aldaketak, haizeak eta bestelako fenomenoak sortzen baitituzte.  v  Klima sailkapena. Bost klima multzo nagusi bereiz daitezke: euritsu beroa, lehorra, euritsu epela, heze hotza eta ipar eta hego buruetakoa. Klima euritsu beroa ekuatorearen bi aldeetako behe latitudeei dagokie; bero eta hezetasun etengabea dira klima mota honen ezaugarriak. Klima lehorra euri urrikoa eta lurrunketa handikoa da. Klima euritsu epelean neguko urtaroa bereizten da, samurra bada ere. Klima heze hotzean klima epeletan baino luzeagoak eta hotzagoak dira neguak, eta urtean zeharreko tenperatura gorabeherak ere handiagoak dira. Buruetako klima guztiz hotza da, eta ez da urtaro berorik.