Kirsch, Sarah
Alemaniar idazlea (Limlingerode, Harz, 1935). Batxiler ikasketak bukatuta, azukre fabrika batean lanean hasi zen, eta baso ingeniaritzako eta biologiako ikasketak hasi zituen gero. 1963-1965 bitartean literatura ikasketak egin zituen Leipzigen, eta berehala bere lehen literatura lanak argitaratzen hasi zen. Poeta gisa da ezaguna, baina poesiaz gainera irratirako istorioak eta kontakizunak ere idatzi ditu, haurrentzat batez ere: Die ungeheuren bergehohen Wellen auf See (1973, Mendia bezain gorako itsas uhin handiak), Allerlei-Rauh (1988, Astalarrua), Das simple Leben (1994, Bizitza soila). Bere poesiaren musikaltasuna eta soiltasuna direla-eta, herri poesiaren tradizioan sartu ohi da, baina baita Britting, Krolow eta Bachmann poeten ildoaren jarraitzaile gisa ere. Bere poema gehienak amodioa eta izadia dute mintzagai; ez da ordea poesia harmonikoa edo idilikoa, gatazka, beldur eta hausturez betea baizik. Bere obrak arrakasta handia izan du aleman hiztunen artean eta sari asko jaso ditu, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren Heinrich Heine saria (1973), Europar Literaturako Petrarka Saria (1976) eta Konrad Adenauer fundazioarena (1993), besteak beste. Lan nagusiak: Landaufenthalt (1967, Egonaldia lehorrean), Erdreich (1982, Lurreko inperioa), Katzenleben (1984, Katu bizitza), Hundert Gedichte (1985, Ehun poema), Schneewärme (1989, Elurraren beroa), Erlkönigs Tochter (1992, Elfoen erregearen alaba) eta Wasserbilder (1993, Ur irudiak).
- kirrinka
- kirrinkari
- kirrixkilet
- kirru 2
- kirru
- Kirsch, Sarah
- kirten
- kirtendun
- kirtenkeria
- kirundi
- kirurgia