Kirkeby, Per
Daniar pintorea (Kopenhage, 1938). Natur zientzietako ikasketak egin zituen Kopenhageko Unibertsitatean. Ikasle garaian espedizio geologiko askotan parte hartu zuen, Groenlandian, besteak beste. Paisaiak, koadro abstraktuak eta enviromment eta happening-ak egin zituen. 1964an Artikoko Laugarren aroko geologiako lizentzia lortu zuen, eta lehen erakusketa egin zuen Kopenhageko Hovued Liburutegian. 1996-1967 urteetan New Yorken egon zen, eta erakusketak egin zituen Groenlandian, Tunisian, Erdiko Amerikan eta Asia Erdian. 1972tik aurrera erakusketak egin zituen bidaietatik ekarritako gauzekin. 1973an bidaia gehiago egin zituen Mediterraneoan, Islandian eta Turkian. 1978an irakasle aritu zen Karlsruheko Staatliche Akademien. 1967az geroztik poemak, ipuinak eta kontakizunak argitaratu, eta zientzia eta arte gaietako filmak egin zituen. 1960ko hamarraldiaren hasieran Arte Eskola Esperimentala lan taldean sartu zen. Taldeko artistak artearen salerosketaren aurka zeuden eta taldearen izenean egiten zituzten erakusketak, taldekideen izenik agertu gabe. 1970eko hamarraldiaren hasieran, talde lanaz nekaturik, Alemaniara joan zen. Han gusturago aritu zen lanean, eta batez ere paisaiak egin zituen. Paisaia zientzia eta arte esperientzatzat dauka, eta ohartzen da paisaiak beragan eragiten duen zirrara berak modu zientifikoan aztertu dituen indarrek eta formek eraginak direla. Koadro batzuetan zirrara horiek ia abstraktuak dira, baina argiaren eta materialen erabilera izadiaren mundukoa da. Kirkebyk nabarmena du Turnerren eta Constableren eragina.
- kirikolatu
- Kirin
- kirio
- kiristi
- Kirkby, Emma
- Kirkeby, Per
- kirkir
- Kirkuk
- kirmen
- kirmentasun
- kirol