Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kazirangako parke nazionala

Indian, Assamen, dagoen parkea, Asiako zaharrenetakoa. 1908an sortu zen, eta Indiako interesgarrienetako bat da, errinozero adar-bakarrak (Rhinoceros indicus) bizi baitira bertan. Errinozero mota hori galtzeko arriskuan dago, galtzeko arrisku handiena duten animalietako bat da. Parkeak 42.900 ha-ko eremua du, eta Brahmaputra ibaiaren ezkerraldean dago. Garaiera txikiko ordokia hartzen du, batez beste itsas mailatik 76 m-ra, eta habitat zingiratsuak babesten ditu bereziki. Ibarreko landareen artean nagusiak anfibioak dira, kariak (Phragmites karna) eta Saccharum generoko banbuak, 6 m-tik gorakoak. Horrez gainera, hainbat errekaren bazterretan akazia basoak daude. Ugaztunen artean, Indiako errinozeroez gainera, Asiako elefanteen (Elephas indicus) eta bufalo basatien samaldak (Bubalus bubalus) bizi dira bertan, eta horiez gainera zingira inguruetako ugaztun bereziak daude, Indiako bisoia, hainbat orein mota, kokondoetako hartzak eta Himalaiako hartz beltzak, hainbat zerri basati, bereziki basurde pigmeo berezia (Sus sylvanus). Primateen artean makakoak eta langurra (txiimino handia, ile beltzekoa, eta aurpegian ile luzea duena) dira nagusiak. Hegazti ugari daude, mota desberdin askotakoak, baina aipagarrienak hauek dira: arrano arrantzalea, Pallas-eko pigargoa, hainbat zikoina mota eta uretako beste hegazti batzuk, hala nola, lertxun beltza.