Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kaskarot

(Eusk. «kalakari, berritsu»). iz. Lapurdiko kostaldean bizi zen gutxiengo bateko kidea. Buhame edo ijitoekin eta agotekin lotu izan dituzte aditu batzuek kaskarotak, baina ez da oraino zehaztu ahal izan haien jatorria. Donibane Lohizunen, Ziburun eta Urruñan bizi ziren nagusiki; gizonezkoak arrantzaleak eta emakumezkoak arrain-saltzaileak izan ohi ziren (cascarot deitura erantsi zieten gaskoiek emakume arrain-saltzaileei, hitz jario handikoak zirelako). Hizkuntzaz euskaldunak baziren ere, luzaroan gorde zituzten jatorrizko mintzairako hitz, esamolde eta kanta batzuk. Ez ziren nomadak ijitoak bezala eta guztiz txertatuak ziren gizartean XVIII. mendean, XIX. mendea arte beren ohiturei eta legeei eutsi bazieten ere. Dantzari trebeak ziren (batzuen ustez haiek sartu zuten fandangoa Euskal Herrian) eta talde jantzi ikusgarriak eta biziak erabiltzen zituzten jaietan; txintxarriak eta kolore biziko zerrendak zituzten gogoko. Kaskarot taldeak osatu ziren Lapurdiko eta Nafarroa Behereko inauterian. Gaur egun ez dira Lapurdiko kaskarotak eta beste lapurtarrak bereizten.