Karlomagno
Frankoen errege (768-814), lonbardiarren errege (774-814), eta Inperio Santuko enperadorea (800-814), Europako sartaldeko ia lurralde kristau guztiak batu zituena (742 - Aachen, 814). Pepino III.a errege karolingioaren semea zen. Aitak ez bezala, oso ikasketa laburrak izan zituen. Aita hil zelarik Austrasia, Neustria eta Akitaniaren zati bat hartu zituen erregetzarako; bere anaia Karlomanek Akitaniaren gainerakoa, Alemania, Alsazia, Burgundia eta Septimania hartu zituen. Karloman hil zelarik (771), haren lurraldeen jabe egin zen, bere ilobak desjabetuta. Italian sartu eta lonbardiarren lurraldeak konkistaturik, frankoen eta lonbardiarren errege izendatu zuen bere burua. Abd al-Rahman I.a, Kordobako emirraren eta bere gobernarietako baten arteko liskarrez baliatuz, Nafarroan sartu zen, aldi berean beste gudaroste batez Kataluniatik eraso egiten zuela. Baina Abd al-Rahmanek kontra eraso, eta Zaragozatik atzera zihoanean, euskaldunek Karlomagnoren atzegoardia birrindu zuten Orreagan (778). Bavaroak (787), abaroak (791-796) eta saxoniar paganoak (772-804) menderatu eta kristautu zituen. Frankoen erresumaren zabaldunde etengabeagatik, Aita Santuari eskaini zion babesagatik, eta hark Bizantzioko enperadoreari kontrajartzeko Sartaldean beste enperadore bat izateko zuen nahiagatik, 800. urtearen Gabon egunez, Leon III.a Aita Santuak Sartaldeko enperadore koroatu zuen Karlomagno. Sartaldeko inperioa izenez besterik ez zen, ordea, Erromako inperioaren jarraipen; batasunik ez baitzuen, izan ere; moldez anitza zen, frankoa gehienbat, eta kristatutasunean (Karlomagno “Jainkoak koroatua” deitzen zen) eta Europako indar orekan zituen bi oinarriak. Konkista aldia buruturik, bere mendeko lurraldeak, Hispaniako markatik Danubio eta Elba ibaietaraino, eta Italiatik Danimarkaraino, antolatzen ahalegindu zen: errege absolutua izan zen, zaldun frankoen arteko aholkulari batzar bat bazuen ere; leku bakoitzean konderriak antolatu zituen, kondearen agintepean; mugetan markak antolatu zituen, margrabea buru zutela; legeak araudi batean bildu zituen. Nekazaritza, industria eta merkataritza sustatu zituen. Artearen eta zientzien babesle izan zen; bere garaiko Europako gizonik jakintsuenak biltzen ahalegindu zen: Alkuino York-ekoa, Petri Pisakoa, Paulo Diakonoa, Eginardo… Eginardok idatzi zuen Karlomagnoren biografia. Komentuak, herriak eta hiriak sortu zituen. ik. karoliongio.