karistiar
Antzinateko herri euskalduna, Deba eta Nerbioi ibaien arteko lurraldean bizi zena. Kantauri itsasotik Ebro ibairaino hedatzen zen karistiarren lurraldea eta egungo Bizkaia (Enkarterri izan ezik) eta Arabako mendebal aldea hartzen zituen. Deba ibaitik ekialdeko lurraldetan auzo zituzten barduliarrak eta Nerbioi ibaitik mendebalera autrigoniarrak. Hego aldetik, karistiarrak, autrigoniarrak eta barduliarrak biltzen ziren Trebiñu edo Uda aldera. Ptolomeok eta Pliniok eman zituzten karistiarrei buruzko berriak. Ptolomeoren arabera, hiri karistiarrak ziren Souestasion (egungo Zuhatzu, Gasteiztik hurbil, Astorga-Bordele galtzada erromatarrean), Toullika (egungo Tuiu), Oveldia (Veleia edo Iruña, Astorga-Bordele galtzada erromatarrean). Euskara zen karistiarren hizkuntza eta, askoren ustetan, egungo bizkaiera da karistiarren hizkuntzaren ondoko mintzaira.