Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

karga

iz. Zama.  v  Karga elektrikoa. Kim. eta Fis. Gorputz batek duen elektrizitate zenbatekoa; elektromagnetismoaren oinarrizko magnitudea da. Elektromagnetismoaren oinarrizko printzipioa kargaren kontserbazioarena da; printzipio horrek dioenez, sistema bakartu batean kargen batura edo erabateko karga ez da aldatzen. Hala, nahiz eta positiboa den karga kopuru guztia (n+) alda daitekeen, eta baita negatiboena ere (n-), bien arteko diferentzia (n+-n-) ez da aldatzen. Bi eratako karga elektrikoak daude: positiboak eta negatiboak. Zeinu bereko kargak elkar uxatzen dute eta zeinu desberdina dutenek berriz elkar erakartzen dute; karga horiek zenbateko indarrez erakartzen edo aldentzen diren Coulomb-en legeaz definitzen da. Karga elektrikoa ezin daiteke mugagabe zatitu eta haren baliorik txikienari oinarrizko karga (e) deritzo eta 1,602 x 10-9 coulomb-etakoa da; egun jadanik bakartu gabe dauden quark partikula azpi nuklearrak ordea, teorikoki kalkulatu denez -e/3 edo 2e/3 coulomb-etako karga dute, oinarrizko karga baino txikiagoa alegia. Elektroiak eta protoiak duten karga oinarrizko kargaren berdina da, bata negatiboa eta bestea berriz positiboa.